«Postedizio lantegia» - 2020

Berez aurrez aurre egitekoa bazen ere –martxoan–, online modalitatera ekarri behar izan genuen Postedizio lantegia, egoerak beharturik. Hirurogeitik gora parte-hartzailek eman zuten izena, eta, taldeka, bina asteko hiru ikastaro egin genituen azkenean, irailean eta urrian. Nora Aranberrik eta Uxoa Iñurrietak jardun zuten saioen gidari, Moodle eta Jitsi plataformetan.

postedizioa1.png

Ikastaroek bi atal nagusi izan zituzten, biak ere eduki teoriko, ariketa praktiko eta saio sinkrono banarekin.

Azalpen teorikoak bideoen bidez eman zituzten irakasleek: lehen atalean, itzulpen automatikoaren zenbait gakoz aritu ziren, eta bigarrenean, postedizioaren nondik norakoez.
Ariketak, berriz, hiru izan ziren, lehen atalean egiteko bat eta bigarrenean egiteko bi: (1) testu berberaren zati bat itzultzea eta beste bat posteditatzea, (2) postedizio arin bat eta postedizio sakon bat egitea, eta (3) produktibitate-proba bat egitea.

Saio sinkronoek eman zieten amaiera atalei, eta horiek izan ziren, ziur asko, denontzako zatirik interesgarrienak, tartea izan baitzen, parte-hartzaileen ariketetatik ateratako zenbait datu ikusteko ez ezik, iritzi-trukerako ere.

2020-11-05