«Azpititulazioaren oinarriak» ikastaroa (online) - 2020
Martxoaz geroztiko egoerak beharturik, online formatura egokiturik antolatu zuen EIZIEk «Azpititulazioaren oinarriak» ikastaroa, uztailaren 2tik 17ra. Jitsi eta Moodle plataformak baliatuta jardun zuten hogei ikaslek, Bego Montorio irakasle zutela, azpititulazioaren oinarriak lantzen.
Hiru atal izan zituen ikastaroak, eta atal bakoitzeko bideobilera bat eta praktika bat egin zituzten; bideobilerak uztailaren 7an, 8an eta 14an izan ziren.
Ikastaroaren lehen atalean, ikus-entzunezko itzulpena kokatu eta azpititulazioaren ezaugarriak eta arauak aztertu zituzten. Irakasleak prestaturiko azalpen-bideo bat ikusi, eta zenbait bideo-zati azpititulaturik aztertu zituzten ikasleek, nork bere aldetik, eta lehen bideobileran horietatik ateratako ondorioak jarri zituzten komunean.
Bigarren atalaren helburua azpititulatzeko programa informatikoak ezagutu eta erabiltzen hastea izan zen. Bideobileran programok ikusi eta oinarrizko jarraibideak azaldu ondoren, gaztelaniazko bideo-zati bat euskaraz azpititulatzea izan zen ariketa praktikoa.
Amaierako atala gorrentzako azpititulazioari eskaini zioten, eta, jardun horren berariazko arauak ikusi ondoren, azpititulazio-praktika egin zuten ikasleek euskarazko hitzaldi baten pasarte batekin.
Ikastaro osoan zehar, Moodle plataforma eta horrek eskaintzen dituen foroak erabili zituzten parte-hartzaileek elkarri zalantzak, galderak eta azalpenak planteatzeko.
Jardun erabat telematikoak dituen mugak gorabehera, azpititulazioaren munduan lehen ibilaldi bat egiteko profitatu zuten parte-hartzaileek ikastaroa.
2020-07-17