«Itzultzailea eta terminologia aurrez aurre» - 2018
Irakasleak
Hizkuntzalaritzan doktore, CNRSko ikertzailea da Baionako IKER zentroan. Bere ikerketen muina gramatikaren antolaketaren ingurukoa da gramatikaren alor desberdinak (sintaxia, semantika, fonologia) interfazeetan nola lotzen diren aztertuz. Gehien aztertu dituen fenomenoak galdegaia, galde-perpausen sintaxi eta semantika, aditz sintagmen gertakari-egitura, prosodia eta sintaxi-fonologia interfazea eta hitz-elkarketa kopulatiboak dira.
Itzultzailea, zuzentzailea eta hiztegigilea. AEKn eta UEUn lan egin ondoren, 1990. urteaz geroztik Elhuyarren dihardu. Euskaltzain urgazlea da, eta Exonomastika batzordeko idazkaria. Terminologia batzordeko kidea ere bada. Harluxet hiztegi entziklopedikoaren erredakzioburua izan zen. Letra larriak erabiltzeko irizpideak lanaren egilea da.
Edukia
1. saioa: Aritz Irurtzun
Kontzeptuei forma ematen: bide onak, txarrak eta negargarriren bat
Itzulpenean askotan gertatzen da jatorrizko testuko termino edo kontzepturen batek (ala batzuk) euskal ordainik ez izatea, ez testuetan, ez terminologia bankuetan. Honelakoetan euskararen ezaugarri morfosintaktikoak kontuan hartuta nola joka genezakeen ikustea da saio honen helburua. Euskaraz hitz berriak sortzeko ditugun baliabideak aztertuko ditugu hitz eratorpenari (eta honen barruan morfosintaxi eta semantikari) arreta berezia jarriz: hitz-elkarketa, atzizkibide eta aurrizkibidearen aukerak ikusiko ditugu bakoitzaren bertute eta mugak azpimarratuz. Ezagutza teorikoekin adibide praktikoak aztertuko ditugu eta bide batez gramatikaren gaineko ezagutzak eguneroko itzulpen-lanean nola lagun dezakeen ikusiko dugu.
2. saioa: Alfontso Mujika
Itzultzailea terminologiaren amildegiaren ertzean dantzan
Euskarazko terminologia non eta nork lantzen duen edo ez duen; terminologia "instituzionala" zertan den, eta haren lan-prozedura eta emaitzak; terminologiaren inguruan ditugun "borrokatxoak" eta irtenbideak; joerak norantz doazen; kontsulta-iturriak, ezagunak eta ez hain ezagunak Horien guztien inguruan arituko gara, eta adibide errealak izango ditugu beti esku artean. Ariketa bat ere egingo dugu: termino-zerrendatxo bat iruzkindu eta bahetuko dugu, ikustearren hari-mutur askori erreparatu behar zaiola terminologia lantzeko.
Non
Bilbon, Euskararen Etxean
Noiz
2018ko otsailaren 28an (asteazkena) eta martxoaren 1ean (osteguna)
Ordu-kopurua
Guztira, 8 ordu (4 orduko 2 saiotan)
Ordutegia
16:00 - 20:00
Prezioa
-EIZIEko bazkideek: 90 euro
-Ez bazkideek: 130 euro
-Red Vértice osatzen duten elkarteetako bazkideek: 105 euro
(AATI, ACE Traductores, ACEC, AGPTI, AICE, AIPTI, APTIC, APTIJ, ASATI, Asetrad, ATIJC, ATRAE, AVIC, EspAIIC, FILSE, MET, TREMÉDICA, UniCo, XARXA)
Izena emateko epea
2018ko otsailaren 5etik 15era (biak barne)
Oharra
-Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
-2018ko otsailaren 20an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.