«Ingelesa-euskara itzulpen-mintegia» - 2018
Edukia
Hiru testu mota landuko dira: kazetaritzakoa, zientzia-dibulgaziokoa eta literaturakoa.
Noiz
2018ko ekainaren 18an, 19an eta 20an.
Saioak eta irakasleak
1. SAIOA
Kazetaritza/nazioarteko testuak
Irakaslea: Itziar Otegi
Ez da, berez, kazetaritza alorreko testu bat, baina aspaldi honetan bolo-bolo dabil Ostiral Santuko Hitzarmena hedabideetan, gaurkotasunarekin loturiko hainbat arrazoirengatik. Testu interesgarria da itzultzeko, bai edukiagatik, bai darabilen idazmoldeagatik ere. Izan ere, kazetaritza edo nazioarteko alorretan maiz agertzen diren termino eta esapide ugari biltzen baititu, bai eta ikasbide izan daitezkeen itzulpen-zailtasun batzuk ere. Hau da, beraz, atal honetarako proposamena: auzolanean jardunez, testu horren termino eta esapide nagusiak bilduko dituen glosario bat sortu, eta pasarte hautatu batzuk itzuli.
**********************************************
2. SAIOA
Zientziako testuak
Irakaslea: Ane Goenaga
Ingeleseko testu zientifikoak euskarara ekartzeak sortzen dituen zalantzetako batzuk landuko ditugu saioan. Testu zientifikoetatik pasarte motz batzuk aukeratu, eta mintegikideei banatuko zaizkie aurrez, saiora etorri aurretik landu ditzaten. Mintegi-eguna iritsitakoan, mintegikideek mahai gainean jarriko dituzte sortu zaizkien zalantzak, eta, saio-gidariaren eskutik, sistematizatuta aztertu, eta irtenbide batzuk proposatuko dira. Saio praktikoa izango da, beraz. Mintegian, zientziaz euskaraz idazteko dauzkagun irizpideak ere aipatuko ditugu, bai eta terminologia argitzeko ditugun baliabideetako batzuk ere.
**********************************************
3. SAIOA
Literaturako testuak
Irakaslea: Iñigo Errasti
Literatura-itzultzaile izan gura zuenaren erakusbidea
Literaturarik sekula itzuli ez duenari errespetu handia eman ohi dio halako testuei aurre egiteak. Badirudi beste arlo batzuetako itzulpen-lanei baino begirune handiagoa-edo diegula literaturakoei, baina, izatez, ez dute zertan izan beste edozein esparrutakoak baino gaitzagoak.
Saio honetan, literaturari errespeturik galdu gabe, ingelesetik euskararako itzulpenetan zailtasun eta katramila ohikoenetariko batzuk zein diren ikusiko dugu, zeri kontu egin behar zaion, arreta non jarri behar den.
Teoria gutxi-gutxiko saio erdi biografiko erdi praktikoa egingo dugu. Irakasleak, bide-erakusle, berak dakien apurtxoa non nori ikasi dion azalduko du.
Non
Donostia, Euskaltzaindiaren egoitza
Ordu-kopurua
Guztira, 12 ordu
Ordutegia
16:00 - 20:00
Prezioa
-EIZIEko bazkideentzat: 125 euro
-Bazkide ez direnentzat: 185 euro
-Red Vértice osatzen duten elkarteetako bazkideentzat: 160 euro
(AATI, ACE Traductores, ACEC, AGPTI, AICE, AIPTI, APTIC, APTIJ, ASATI, Asetrad, ATIJC, ATRAE, AVIC, EspAIIC, FILSE, MET, TREMÉDICA, UniCo, XARXA)
Izena emateko epea
2018ko maiatzaren 23tik ekainaren 4ra, biak barne
Oharra:
- Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
- 2018ko ekainaren 6an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.