NOLA JOKATU euskaraz erdarazko prosa bihurrien aurrean - 2017
2017ko udaberrian, «NOLA JOKATU erdarazko prosa bihurrien aurrean» ikastaroa antolatu genuen, Juan Garzia irakaslearekin, eta, ikusirik zenbat jendek eman zuen izena, bi talde osatu genituen, biak ere Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan. Lehen taldea maiatzaren 23an, 24an eta 29an aritu zen, eta bigarrena ekainaren 6an, 7an eta 12an.
Helburuak
Aurreko ikastaroetan banaka azterturiko kontuak denak batera topatzen ditu itzultzaileak erdarazko testuetan (trinkotze-prozedura deitu lekiekeenei dagozkie haietariko asko: nominalizazioak, sasimenderakuntza ). Mintegian, euskarazko prosaren bide naturaletatik aldentzen diren testuetako egiturak itzultzeko estrategia eta taktika egokiak landu genituen; horretarako, egunero darabiltzagun itzulgaietatik lagin batzuk hartu, eta haiei ekin genien; aukerako diren itzulpen-bertsioak konparatu, eta haien egokitasuna ebaluatu genuen.
Itsaso baztergabea dela pentsa liteke aurre egin beharreko arazoena, baina laster bistaratu zen aise samar mugatu daitekeela zabaltasun hori hainbestean, aski izaten baita modu metodiko samarrean erantzutea prosa horrek sistematikoki darabiltzan lauzpabost joera eta prozedura estilistiko bereziri.