Marrazkiak itzuli edo testua marraztu? Komikiak euskaratzeko arrasto batzuk - 2017
Plan ona iruditu zitzaigun arratsalde bat komikiak nola itzuli entzuten eta komikiak itzultzen pasatzeari, eta halaxe antolatu genuen ikastaro bat maiatzaren 3an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bego Montorio itzultzailearekin.
Lau orduko saioa izan zen, bi partetan banatua. Lehendabizikoan, komikien ezaugarri nagusiez jardun zuen Bego Montoriok, beti ere itzultzailearen ikuspegitik. Egile askotarikoen irudien harian, komiki bat itzultzerakoan kontuan hartu beharreko zenbait alderdi agertu zituen: irudiaren eta testuaren arteko uztarketa, komikietako testu motak eta horien ezaugarriak, komikietako konbentzio grafiko eta testualak...
Atseden labur baina goxo baten atzetik ikasle batek eginiko bizkotxoa tarteko, itzultzeari ekin zioten parte-hartzaileek, eta Paco Rocaren Arrugas, Alfonso Zapicoren Dublinés eta Jose Carlos Fernandesen A pior banda do mundo obretako pasarte batzuk euskaratu zituzten. Nork bere saioa egin ondoren, taldean eztabaidatu zituzten agertutako arazoak eta irtenbide posibleak.
Begiak bete irudi eta komikiak itzultzen jarraitzeko gogoz jarri zioten azken puntua saioari. Edo, agian, eten puntuak baino ez.