«Zuzenketa: testua hobetzea» - 2015
Bilboko Euskararen Etxean eta Donostiako Kirol Etxean antolatu genuen ikastaro bera, 2015eko maiatz-ekainetan, eta arrakasta handia izan zuen itzultzaile eta zuzentzaileen artean. Guztira berrogeita bost lagunek parte hartu zuten, Juan Garzia irakaslearen azalpenekin beren laginak aztertu eta hobetzen.
Izan ere, zuzentzaileak, haren lanak zentzua izango badu, testuaren hobetzailea izan behar du. Alde horretatik, ezer gutxi da zuzentasun gramatikala, ez baita arau jakin batzuk zaintzea besterik. Testuaren egokitasuna bermatzen duten alderdi asko ez dagozkie arauei, aukerei baizik. Alderdioi begiratu zaie ikastaro honetan; alegia, testugileak egin beharreko hautu erabakigarrienen aurrean zertan lagundu dezakeen zuzentzaileak, testuari irakurlearen distantziatik begiratzen dion bigarren testugile bat den aldetik, ohartuagoa eta berariaz trebatua. Hona alderdion mapa xume bat:
- adieraziaren koherentzia eta antolaera
- adierazpenaren kohesioa (jario egoki, arian-arian ondo josia), argitasuna eta nahasbiderik eza
- hizkuntza-eredua, erregistroak
- esapideen egokitasuna eta naturaltasuna (fraseologia, esamoldeak)
- estiloa (hizkuntzarena eta idazlearena)
- maniak (idazlearenak eta zuzentzailearenak)
Horietatik, hobekuntza zehatz gehien egin litezkeen maila den aldetik, kohesioaren inguruko kontuak landu zituzten parte-hartzaileek luzeen eta xehekien.