Testuaren koherentzia eta kohesioa: zenbait baliabide - 2013

12 ordu eman ditugu lanean, Bilboko Euskararen Etxean, ekainaren 14, 20 eta 27an, arratsaldeko 3etatik 7etara. 14 laguneko taldean: gehienak itzultzaileak, baina baziren tartean euskaltegi irakasle batzuk ere.
testu_1.JPG

Lanari ekin aurretik, bi ariketa proposatu nizkien parte hartzaileei, astebeteko epea emanda nork bere kabuz egin eta e-mailez bidaltzeko: administrazio testu bat erlatiboz josia berridaztea, eta 2012ko Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren mezua euskaratzea, John Malkovich aktoreak idatzia.

Gogoeta eginez abiatu dugu ikastaroa, hainbat adituren aipuak hizpidera ekarrita. Zertan da gaur eguneko prosamolde idatzia? Oro har, testu argiak sortzen ditugu? Zer esan nahi du euskal prosa heldu gabe egoteak? Ezberdinak dira idatzizko kodea eta ahozkoa?

Segitzeko, aztertu dugu zer irizpide baliatzen ditugun hitzak esaldian antolatzeko garaian. Efikazak dira Azkue/Altuberen lege zaharrak, oraindik ere eskola eta euskaltegi gehienetan irakasten direnak? Zenbat aukera bazterrarazten dizkigute lege horiek? Erabilera horri aurre egin nahian, gaur egun, izugarri zabaldu da aditza aurreratzeko aholkua. Jarraibide nahikoa da esaldi argiak idazteko? Non kokatu gainerako elementuak, zeren arabera antolatu? Zenbateraino da euskara ordena libreko hizkuntza?

Eta gogoeta gehiago… Esaldi bat eraikitzen ari garela, kontziente izaten gara zein den hitz protagonista? Nola eman protagonismoa hitz jakin bati? Zertan eragiten dio mezuari elementu bat esaldi nagusian kokatzeak edo menpekoan? Zer dela eta diogu halako atxikimendua erlatibozko perpausari? Zer beste egitura jaten dizkigu?

testu_2.JPG

Amaitzeko, aurrerapauso bat eman dugu hitz ordenaren ikuspuntu gramatikala atzean utzita, eta joskera komunikatiboan murgildu gara. Batetik, nazioarteko prosan erabiltzen diren termino ugariak argitzen eta bereizten saiatu gara: Tema/Rema, Mintzagaia/Iruzkina, Topikoa/Predikazioa, Galdegaia/Fokua… Eta bestetik, adibideetan eta testu eredugarrien azterketan oinarrituz, ikusi dugu nola aplika daitezkeen kontzeptu horiek hiru mailatan: esaldia antolatzeko, ideiak harilkatzeko eta testuari egitura emateko.

Aurtengo ikastaroan astebeteko tartea izan dugunez saio batetik bestera, aukera izan dugu hurrengo klasean aztertu behar genituen adibideak nork bere kabuz etxean berridazteko. Metodologia horrek eragin positiboa izan du ikasleen parte-hartzean, eta asko erraztu digu kontzeptu berrien ulermena. Lan giro bikaina izan dugu: interes handia muga eta eskema zaharkituak kolokan jarri eta bide berri askeagoak jorratzeko.