«Bidean aurkitzen dena: itzuli bat poesia itzuliari» ikastaroa, Donostian

IZENA EMAN

Helburuak eta edukia

Robert Frostek esan omen zuen esaldi ospetsua: «Itzulpenean galtzen den horixe da poesia». Ergo ez dago poesia itzultzerik.

Egia litzateke baldin eta milaka urtez poesia itzuli ez balitz. Kondena bat mundu osoko irakurleentzat. Bihotz-zimiko bat itzultzaileentzat; edo, agian, bulkada bat hordagoari hordago jotzeko.

Frosten desafioa ahaztu gabe eta Eganen «bakarrik ez, lagunekin bai» esaldia ere gogoan, ezin ustekoari ekingo diogu tailer praktiko honetan: denon artean jorratuko ditugu aurrez nork bere bakardadean landutako zenbait poema, hartara itzulian-itzulian azaldu zaizkigun oztoparriez eta zelaigarriez jarduteko, etsai ez baizik lagun harturik poesiaren itzulbide horretan aurkituko dugun guztia.

Kontziliorako gai (galdera) zerrenda:

  • Arrasto ezkutuen bila: bada miope ez izaterik?
  • Sakrifizioaren balantzan: galtzekotan, zer?
  • Atzera- eta aurrera-kargak: josi dezakegu euskaraz erdaren hariez?
  • Neurtitzak eta errima: obligazio, aukera ala utopia?
  • Poesia itxuraz antipoetikoa: nola kendu poesia poesiari?

Zer hizkuntzatan: batik bat ingelesetik eta gaztelaniatik euskarara ariko gara, baina egingo dugu probatxoren bat euskaratik gaztelaniara ere.

Norentzat: itzultzaileentzat, poesiazaleentzat, interesa duen edonorentzat.

Oharra:

Parte hartzaileei aurrez bidaliko zaizkie zenbait lagin, eta ez da noski ezinbestekoa izango denak itzulita ekartzea, baina bai komenigarria begiratu bat emanda etortzea. Landuko ditugun poema gehienak euskaraz daude jada, eta erreparatuko diogu itzulpen argitaratuari ere, baina gomendagarria (eta askoz dibertigarriagoa) da erantzunak begiratu gabe heltzea gurutzegramari, horrela erantzunen aukera sorta zabalduko dugulakoan.

Irakaslea

Maialen Berasategi Catalán

Non eta noiz:

Donostian, 2024ko martxoaren 12an. Euskaltzaindiaren egoitzan

Ordutegia

16:00 - 19:00

Ordu-kopurua

Guztira, 3 ordu

Prezioa

-EIZIEko bazkideentzat: 35 euro
-Bazkide ez direnentzat: 45 euro
-Red Vértice osatzen duten elkarteetako bazkideentzat: 40 euro

Izena emateko epea

2024ko otsailaren 6tik otsailaren 19ra (biak barne)

IZENA EMAN

Oharrak

  • Ikasle-kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
  • 2024ko otsailaren 22an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.