Minaberri beka

minaberi_logoduna_1201*772.png

Oinarriak

EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz, MINABERRI itzulpen-beka antolatu du mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Mentoretza Cedroren laguntzaz egingo da.

Helburua

2024ko Minaberri Bekaren helburua honako obra hau euskaratzea da:

Laurie Halse Anderson idazlearen Speak.

Norentzat

Literatur itzulpengintzan hasi nahi eta lagina aurkezteko epea amaitu aurretik gehienez ere 30 urte dituen orok parte har dezake deialdian. Nolanahi ere, ezin izango dira aurkeztu euskarazko literatur itzulpen beka, sari edo lehiaketaren batean irabazle izan direnak.

Itzuli beharreko testua

Deialdian parte hartu nahi dutenek aurtengo bekaren helburu den laneko lagin bat itzuli beharko dute.

Antolatzaileak parte-hartzaileen esku jarriko du bekarako itzuli beharreko lagina, hemen.

Lanak aurkezteko epea eta lekua

Lanak aurkezteko epea 2024ko ekainaren 17ko eguerdian amaituko da.

Bi modutara aurkez daitezke eskaerak:

a) Paperean:

  1. Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena, ezizen batez sinaturik.
  2. Gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatuko gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, jaioteguna eta jaioterria, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia eta CV bat ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Biak gutunazal berean sarturik, honako helbide honetara bidali behar dira: EIZIE. Zemoria kalea 25, behea. 20013 Donostia.

b) Posta elektronikoz:

  1. Honako helbide honetan jasoko dira eskaerak: idazkaritza@eizie.eus helbidera bidali behar da mezua, gaia adierazirik. Gaia: I. Minaberri itzulpen-beka.
  2. Bi dokumentu bidali behar dira mezuari erantsita: batean, testuaren itzulpena bera, ezizen batez sinaturik; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen datuak (gorago adierazitakoak).

Epaimahaia eta balorazio irizpideak

Epaimahai batek aztertuko ditu jasotako itzulpenak, eta bekaren irabazlea izendatuko du.

Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duten lagunek osatuko dute epaimahaia: EIZIE elkarteak izendaturiko ordezkari batek, argitaletxearen ordezkari batek eta bekarako izendaturiko mentoreak. Lan hori egiterik ez badute, beren ordezkoa aurkeztuko dute.

Aurkeztutako itzulpenean kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira.

Erabakia apelaezina izango da.

Mentoretza

Literatur itzulpenean eskarmentua duen itzultzaile bat izendatuko du EIZIEk, eta haren laguntza/orientazioa jasoko du itzultzaile hasiberriak, itzulpen-prozesuak irauten duen bitartean.

Sei lan saio egingo dituzte, bina ordukoak. Lehen bileran, bien artean erabakiko dute saioak nola antolatuko dituzten: aurrez aurre, posta elektronikoz edo online.

Saria

Irabazleak 3.000 euro gordin jasoko ditu Iruñeko Udaletik lana osorik itzultzeko, eta kopuru horrek barne hartzen du mentoretza-saioetan parte hartzea. Bi zatitan jasoko du bekaren ordainsaria: erdia (1.500 euro) jakinarazpena egiten denetik bi hilabetera beranduenez, eta beste erdia (1.500 euro) mentoreak itzulpen-prozesuari buruzko txostena aurkeztu ondoren EIZIEri.

Itzulpena aurkezteko epea

Irabazleak 2025eko ekainaren 23a baino lehen entregatu beharko du lan amaitua.

Ez betetzeak

Epeak betetzen ez badira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra bada (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko du irabazleak.

Argitalpena

Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du itzulpena –eskubideak aurrez eskuratuta–, eta 2025eko abendua izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Minaberri beka, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza, argitaletxearekiko itzulpen-kontratu bidez bermatua.

Liburuaren aurkezpena

Bekaren hartzaileak liburuaren aurkezpenean parte hartuko du, eta prest agertuko da oro har liburuaren sustapenean edo promozioan lagungarri izango diren jardueretan parte hartzeko.

Datu pertsonalen tratamendua

Deialdi honen garapenean jasotzen diren datu pertsonalak 2016/679 Araudian (EB) jasotakoaren arabera tratatuko dira. Araudi horrek pertsona fisikoak babesten ditu datu pertsonalen tratamenduari eta horien zirkulazio askeari dagokionez.

Beka honetan parte hartzeak oinarri hauek ontzat ematea dakar. Zalantzarik sortzen bada, antolatzaileari dagokio erabakia.

Harremanetarako: idazkaritza@eizie.eus