Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak irabazi du Minaberri itzulpen-beka
Laurie Halse Anderson idazlearen 'Speak' liburua euskaratuko du, Aiora Jaka mentorearen laguntzaz. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du.
EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, Minaberri bekaren lehen edizioa antolatu du aurtengo udaberrian, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko ditu bekaren bidez sortzen diren itzulpenak, eta Cedroren laguntza izango du mentoretzak. Marijane Minaberri idazle eta itzultzaile baxenabartarraren omenez hartu du «Minaberri» izena bekak.
Hogeitabost gazte aurkeztu dira bekaren deialdira, eta, guztien lanak azterturik, epaimahaiak erabaki du Ainhoa Mendiluzeri esleitzea beka, liburua osorik itzultzeko. Aiora Jaka itzultzailea izango du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.
Epaimahaiaren iritziz, aurtengo itzulgaiak bazituen erronka batzuk. Laurie Halse Andersonek Estatu Batuetako nerabeen giroa eta kezkak islatzen ditu Speak lanean, eta itzultzaileak ederki asmatu du giro hori eta gazteen hizkera euskara aberats eta naturalean ematen, ingelesezko testuaren tonuari eutsiz eta euskararen adierazkortasuna egoki baliatuz. Manu Lopez Gasenik, Naroa Zubillaga Gomezek eta Aiora Jaka Irizarrek osatu dute epaimahaia.
Ainhoa Mendiluzek (Tolosa, 1997) Itzulpengintza Gradua ikasi zuen EHUn, eta itzulpen-praktikak egin zituen Gipuzkoako Foru Aldundian. Ondoren, Saretik Hizkuntza Zerbitzuetan aritu zen lanean, askotariko testuak itzultzen: testuliburuak, testu juridiko-administratiboak, ekonomia eta politika arlokoak eta haur literaturakoak, batik bat. Bi ikasturte eman zituen hizkuntza-irakasle lanetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan euskara irakasle eta Hizkuntza Eskola Ofizialean aleman irakasle. Gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko itzultzailea da.
Laurie Halse Anderson gazte-literaturako idazle ezagunenetarikoa da Estatu Batuetan. Speak nobela txundigarria argitaratu zuen 1999an, eta hizkuntza ugaritara itzuli ez ezik, film bat eta eleberri grafiko bat ere egin dituzte liburuan oinarriturik. Bere liburuetan, hizkera adierazkor eta aberatsa erabiltzen du, eta inolako itzulingururik gabe jartzen die ahotsa nerabeen bizipenei. Maitasun premiaz eta taldekide sentitzearen beharraz aritzen da idazlea sarri bere obretan.