Itzulpen-lehiaketa 2022 (2. deialdia)

Literatura Unibertsala bilduma osatzen jarraitzeko, bigarren deialdia antolatu du EIZIE elkarteak.

LUirudia.jpeg

Lehiaketaren oinarriak

Itzulgaia

Honako obra hau da bigarren deialdirako itzulgaia (eta lehiaketan parte hartzeko itzuli beharreko lagina):

  • Ahmadou Kourouma, Les soleils des indépendences
    Lehiaketarako lagina, hemen (pdf) eta hemen (word)

Lehiatzaileak

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.

Aurkeztu beharrekoak

a) Paperean aurkeztekotan, honela aurkeztu behar dira:

1. Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena, ezizen batekin.

2. Gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Biak gutunazal berean sarturik.

b) Posta elektronikoz bidali nahi izanez gero,  idazkaritza@eizie.eus helbidera bidali behar da mezua, gaia adierazirik: «Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketa».

Bi dokumentu bidali behar dira mezuaren barruan: batean, testuaren itzulpena bera, ezizen batekin; bestean, ezizen horren atzean dagoen itzultzailearen datuak (gorago adierazitakoak).

Proiektuak aurkezteko lekua eta epea

Epea 2022ko urriaren 19an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

EIZIE elkartearen egoitzara helarazi behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea - 20013 Donostia. Postaz edo mezulariz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean.

Epaimahaia

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko: Josu Zabaletak, Joannes Jauregik eta Inazio Mujikak (Eusko Jaurlaritzak, EIZIEk eta Erein - Igela argitaletxeek izendaturik, hurrenez hurren).

Esleipenaren jakinarazpena

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.

Esleipenaren osteko kontratazioa

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).

Ordainsaria

Honakoa da liburua osorik itzultzeko ordainsaria: 4.750 euro.

Bildumarako finkaturiko ordainsaria erabili da (sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera). Gaztelania: 24 euro orriko. Frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, portugesa, italiera: 27 euro orriko. Gainerakoak: 30 euro orriko.

Liburua itzultzeko epea

Liburua itzultzeko epea orri-kopuruaren araberakoa izango da, esleipena jakinarazten denetik hasita: 125 orri - 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko da epea.

Argibide gehiago, helbide honetan.

2022ko iraila