Zuzentzaileen Nazioarteko Eguna dugu gaur
Urriaren 27an ospatzen da zuzentzaileen eguna. Zorionak zuzentzaile guztioi!
«Okerraz ohartzen garenean oroitzen gara zuzentzaileez», gogorarazi zigun Itziar Diez Ultzurrunek 2019ko idatzi batean. «Beren lana artoski betetzen dutenean, ordea, itzalean gelditu ohi dira munduko irakurlerik finenak ere badiren lankide ikusezin horiek». Hori dela eta, zuzentzaileen lana bistaratzen ahalegintzen gara gaurkoa bezalako egunetan. Aurtengoan, egokia iruditu zaigu iaz antolatu genuen mahai-inguru baten ikus-entzunezkoa berriro zabaltzea: Iruñeko Karrikiri elkartean, zuzentzaileen lanbideaz aritu ziren Amaia Lasheras eta Fernando Rey, Aitor Blancok gidaturik.
Bestalde, Miren Iriarte zenaren omenez, hark Senez aldizkarirako idatzitako artikulu bat ere ekarri dugu hona. «Tipula zuritzen: zuzenketa lanaren gaineko gogoeta bat». Izen bereko ikastaroan parte hartu zuen Mirenek, eta gu guztiokin konpartitu nahi izan zuen ikastaro hartatik jasotakoa. Besteak beste:
Abiapuntu nagusia, zalantzarik gabe, zuzentzailearen lan tresna zein den jakitea da: hizkuntza bera du zuzentzaileak lanabes nagusia, eta hori da, beraz, jakin beharrekoa. Bigarrenik, hizkuntza guztietan, eta euskaran ere bai, zalantzarik gabe, bi indarren arteko lehia kontuan hartu beharko du, oreka horretan ibili beharko baitu zuzentzaileak. Hona lehiaren bi elementuak: tradizioa eta aldatu beharra. Horretan, zuzentzaileak adi egon beharko du, eta buruan eduki ahal den gutxiena aldatu beharko duela zuzenketa lanean, baina baita behar duen guztia ere. Hortxe aurkitu behar du oreka zuzentzaileak.