Xabier Mendiguren Bereziartu hil da
Xabier Mendiguren Bereziartu (Ezkio, 1945) EIZIEren sortzaileetako bat joan zaigu bart, itzulpengintza modernizatzen lan eskerga egin duen lagun maite bat.
Maiz etortzen zitzaigun bisitan Zemoria kalera, EIZIEren egoitzara, animo- eta esker-hitzez beterik. Maite zuen EIZIE, eta harro zegoen elkartearen ibilbidearekin. 2012an, itzulpengintzaren baitako ibilbidearen berri ere eman zigun Mendigurenek Senez aldizkarian. Luze, xehe, interesgarri.
Bizitza oso bat eman zuen euskarari eta itzulpengintzari loturik. Hizkuntzak maite zituen, eta guztien gainetik euskara. Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen, eta hango irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen 1990era arte. Eskola horretatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria. 2018an, elkartearen 30. urteurrenaren ospakizunetan, Mendiguren omendu zuen EIZIEk, Martuteneko eta EIZIEko kide izan zituen Lurdes Auzmendirekin eta Josu Zabaletarekin batera.
40 izenburutik gora itzuli zituen euskarara; besteak beste, Cesare Pavese, Salgari, Shakespeare, Faulkner, Dickens, Goldoni, Croce, Anouilh edo Laxalt. Traduktologiari eta itzulpengintzaren historiari buruzko funtsezko saiakera batzuk ere utzi dizkigu Mendigurenek: Itzulpen teoriazko ezagupenak (Lazkao, Pax, 1983); Itzulpengintza, historia eta teoria (Donostia, Elkar, 1995) eta Euskal Itzulpengintzaren Historia Laburra (Donostia, Elkar, 1996).
Hementxe jarraituko dugu, Xabier, ahalegin guztiak egiten zuek zabaldutako bidetik. Adiorik ez.