SENEZ itzulpen-aldizkariaren 56. zenbakia argitaratu du EIZIEk

2025 Iraila 25
SENEZ itzulpen-aldizkariaren 56. zenbakia argitaratu du EIZIEk

Hitzak eta ideiak ditugu gure lanabesak, eta haien bidez egin nahi diogu keinu palestinar herriari. Beste hamasei artikulu interesgarri bildu ditugu aurtengo zenbakian.


Udaldia iraganik eta udazkenaren atarian iritsi zaigu aurten ere Senez aldizkaria.

Aurtengo gure alea Palestinari nahi diogu eskaini. Urtebete baino gehiago daramagu genozidio bat ia-ia bertatik bertara ikusten, ezin utzi dugu gaia alde batera, eta poesiaren bidez egin nahi dugu guk gure erresistentzia-ariketa, Senez honetan. Hitzak eta ideiak ditugu gure lanabesak, eta haien bidez egin nahi diogu keinu palestinar herriari; hala, hamalau itzultzaile elkartu, eta poeta palestinarren hamasei poema itzuli dizkigute aurtengo aldizkarirako. Horra, beraz, gure ekintza poetiko xumea. Komunitatean eta elkar harturik gauzatua. Nonbait irakurri genuen balen eta bonben oihartzuna edozein ahots eta oihu baino lazgarriagoa izanen dela beti baina baita laburragoa ere: hitzek eta ideiek denboran iraunen dute; bonbek, ez.

Horrez gain, beste 16 artikulu bildu ditugu aurtengo aldizkarian. Lehenik, eta artikuluen hurrenkeran, Luis Baraiazarra Txertudi EIZIE elkarteko kide hil berriari hitz batzuk eskaini dizkio Mari Eli Ituartek. Aingeru Epaltzak, berriz, EIZIEko kide eta langile nekaezin bat elkarrizketatu du: Inma Errea. Ondoren dator Palestinako poeten poema itzulien bilduma, hamalau itzultzaileren eskutik eta Isabel Etxeberriaren ediziopean. Esparru akademikoan, bi doktore-tesiren laburpenak ekarri ditugu aurtengo aldizkarira: Claudia Torralbarena bata («Joan-etorriko bidaia. Doktore-tesia sei galderatan») eta Isabel Etxeberriarena bestea («Euskarara itzulitako testuetako hizkera vs euskaraz idatzitako testuetakoa»).

Literatura-itzulpenera jauzi eginda, haur- eta gazte- literaturako lan gogoangarri baten itzulpenaren gainean jardun du Manu López Gasenik: «Snarka euskaratzeko bide baten ehizan»; Anne Franken egunkaria lanaren itzulpenaren gainean Roberto Danignok; Beñat Sarasolari eta Maialen Berasategiri elkarrizketa egin die Garazi Goldarazenak, Munduko Poesia Kaierak bildumaren 10. urteurrenaren karietara; eta Baionan eginiko itzulpen-lehiaketa baten berri dakarkigu Nahia Zubeldiak.

Aurrera eta etorkizunera begira jartzea ere maite baitugu, Iruñean hiru itzultzaile gaztek parte harturiko mahai-inguru baten kronika osatu du Uxue Reyk: «Gaurko eta biharko itzulpengintza». Ondoren, unibertsitateko gradu amaierako lan baten eta master amaierako beste baten laburpenak bildu ditugu: Iris Carterrek kultura-jaialdietako interpretazioari buruz jardun du artikuluan, eta Irati Bakaikoak, berriz, genero-identitate disidenteen eta itzulpengintzaren arteko lotura aztertu du «Sexu- eta genero-disidentzia eta itzulpena: Mari-mutil handi baten bluesari buruzko azterketa baten laburpena» artikuluan. Transfeminismoaren erakutsiak aletzen segituz, itzulpen transfeministei buruz EIZIEk antolaturiko ikastaro-lantegi baten kronika ondu dute Gotzone Agirrek, Itziar Belaundek, Patricia Jorgek eta Ane Lópezek: «Neutralak ez garela ikasi genuenekoa».

Testugintzaz denaz bezainbatean, hitanoak literatura-itzulpenetan duen tokiaz mintzo zaigu Xabier Olarra, eta onomatopeiak hizpide hartu ditu Iñigo Satrustegik.

Bukatzeko, itzulpen automatikoaz gogoeta egin du Idoia Santamaríak eta itzulpengintzari buruzko liburu baten gomendioa Manu López Gasenik.

Hona, beraz, gure gerra eta istripuetatik edo haietan guztietan gaindi urteak eman duena. Heldu den urtera arte, irakurle.