SENEZ itzulpen-aldizkariaren 55. zenbakia argitaratu du EIZIEk
Patxadaz –bihotz-begiz eta presarik gabe– irakurtzeko gomendioarekin dator aurtengo aldizkari oparoa.
Presaren gizartean bizi gara. Boladan dago denbora aprobetxatzea; ez, ordea, denbora galtzea. Eta, denborarik ez galtzeko, ahalik eta testu gehien eta ahalik eta lasterren itzultzeko, sekulako pagotxa dira itzultzaile automatikoak eta adimen artifiziala. Biderik zuzenena eta lasterrena, ordea, ez da beti onena eta gozagarriena: batzuetan, merezi du sigi-sagaka eta itzuli-mitzulika ibiltzea, bide bazterreko zuhaitz eroriei begiratzea, eguraldiaz jakiteko tekla bat jo beharrean zerura begiratzea eta zer esaten digun ulertzen saiatzea, edo papereko hiztegietan ele-miaka ibiltzea, honi eta hari galdezka aritzea. Merezi du denbora «galtzea», alegia.
Patxada lagun dakargu, beraz, aurtengo Senez aldizkaria. Hogeita hiru artikulu, guztira. Hogeita hirutik gora egile. Urtero ohi dugun bezala, gogoan hartu ditugu 2023an hilak, Xabier Mendiguren Bereziartu eta Jorge Gimenez Bech, Lurdes Auzmendik eta Aritz Galarragak idatziriko artikulu banatan. Pertsonatik pertsonara, Jone Aldamizetxebarriari elkarrizketa egin dio Bego Montoriok. Literatura-itzulpenari heldu diogu hurrengo zazpi artikuluetan. Poesiaren atalean, zenbait poetaren poema bana euskarara itzulita ekarri dizkigu Isa Etxeberriak, Munduko Poesia Kaierak bildumari eskainiriko artikulu jostarian. Euskarara itzulitako narratiban, Ahmadou Kourouma idazle malinkearen lana itzultzeaz jardun du Aiora Jakak, Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskaratzeko ahalegin kolektiboaz Xabier Artolak, Ines Castiellak, Itziar Diez de Ultzurrunek eta Fito Rodriguezek, eta Yukio Mishima japoniar idazlea itzultzeaz Iker Álvarezek. Euskaratik gaztelaniarako zubiak ere gero eta usuagoak izanik, Uxue Apaolaza idazlearen lanaren gaztelaniazko itzulpena ekarri du Angel Errok hizpidera, eta, ikuspegi soziologikoago batetik, gaztelaniara itzulitako lanak gizarteratzeko moldeez idatzi du Eli Manterolak. Literaturaren sorotik atera gabe, itzultzaileen oin-oharrak aztertu ditu Beñat Landak.
Txantxangorriak bezala jauzi ttipi bat eginez, gai sozialagoetara jo dugu hurrengo orrialdeetan: EIZIEk antolaturiko mahai-inguru batean esanak gogoan, testu feministen itzulpenari buruz gogoeta egin du Amaia Astobizak, itzulpenetan hizkera ez-sexista erabiltzeko gako batzuk eman ditu Nora Acostak, eta euskarazko itzulpenei maiz ezarri ohi zaizkien estigmetatik askatzeko proposamena dakarkigu Danele Sarriugartek. Lanbidearen egoerari begira ere jarri gara; hala, batetik, lau ahotsetara osaturiko elkarrizketa bat ekarri digu Ibai Sarasuak, itzultzaile autonomoen egoeraz, kezkez, lan-baldintzez, oztopoez eta onurez, eta, bestetik, euskaraz lan egiten duten interpreteek azken hilabeteotan abiatu duten prozesu baten berri eman digute Claudia Torralbak eta Maitane Uriartek.
Arlo espezializatuagoen lilitegian, inurri-lanetan aritu dira Alaitz Zabaleta administrazio-itzulpenaz, Ane Garmendia ikus-entzunezkoen itzulpenaz, Itziar Zorrakin-Goikoetxea eta Maitane Junguitu bideojokoen lokalizazioaz, eta Iñaki Lopez de Luzuriaga historia-testuetako koronimoen itzulpenaz.
Adimen artifiziala eta itzultzaile automatikoak ezinbesteko bidelagun ditugunez, eta malkarrak zelaitzeko ahaleginetan, gaiari buruzko gogoetak eta azterketa tekniko bat egin dizkigute Karlos del Olmok eta Nora Aranberrik artikulu banatan.
Eta, bukatzeko, gure lanbidearekin loturiko liburu-gomendioen atalean, Danele Sarriugarteren eta Manu López Gaseniren ekarpenak bildu ditugu.