SENEZ aldizkariaren 53. zenbakia argitaratu dugu
Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren bueltan ikusi du argia SENEZ aldizkariaren 53. zenbakiak, eta taldea berrituta etorri da.
Amaia Apalauza zuzendari berriak sarreran dioenez, esker onez ere bai: «15 urte egin ditu Karlos del Olmok aldizkariko zuzendari gisa, eta hari eskaini nahi diogu 53. ale hau».
19 egile eta 17 ekarpen bildu ditugu guztira aurtengo aldizkarian. Elkarrizketa nagusia Karlos del Olmori egin dio Danele Sarriugartek, eta, horrez gain, toki berezia egin nahi izan diogu saiakera itzuliari. Gaiari buruzko solasaldi batean Maialen Berasategik, Olatz Estebanek eta Amaia Astobizak esandakoak ekarri ditugu aldizkarira.
Era berean, Henry David Thoreauren Walden saiakera-lanaren itzulpenetik abiatuta, itzultzaile-jardunari loturiko gogoeta aski pertsonala ondu du Danele Sarriugartek, besteak beste genero-ikuspegia ere mahai gainean jarriz. Orobat, generoa markatua duten hizkuntzetatik itzultzean eta hitz berriak sortzean begi-bistatik galdu behar ez genukeen auzi bat gogorarazi digu Bakartxo Arrizabalagak: Nork esan zuen euskarak ez zuela genero-arazorik?
Saiakeraz gain, beste genero batzuk ere aintzat hartu ditugu aurtengo aldizkarian: Amaia Izkuek bestsellerren itzulpena aztertu du, The New York Times Best Seller List zerrendan oinarriturik. Egile gazteak eta gradua amaitu berriak ere inguratzen ari zaizkigu, beraz, aldizkarira.
Literatura-itzulpenari dagokionez, Mary Oliverren poesia euskaratu digu Ane Garciak, Arthur Conan Doyleren Sherlock Holmesen memoriak itzultzean eginiko hautu batzuen berri eman digu Aitor Blancok, frantsesetik euskarara ekarritako haur- eta gazte-literaturaren itzulpena izan du hizpide Naroa Zubillagak, Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua zientzia-fikziozko lanaren itzulpenaz jardun du Amaia Apalauzak, eta Maria Dolores Agirre itzultzaile aitzindariaren lanak aurkeztu eta arakatu ditu Eider Quertierrek. Literaturaren esparrutik atera gabe, Itzultzaile Berriak programan bi quebectar itzultzailerekin mentore gisa bildutako esperientzia kontatu digu Aiora Jakak.
Itzultzaile automatikoek zeresan handia eman dute azkenaldian, eta, horren harira, Wikipediako edukiak posteditatzean kontuan hartu beharreko jarraibide batzuk bildu ditu Amaia Solaunek, eta, bestalde, itzultzaile automatikoek literatura-testuak itzultzeko eskaintzen duten baliagarritasuna aztertu du Itsaso Arregik.
Ikuspegi soziologiko batetik, itzulpenak talde soziokulturalen arteko komunikazioan duen funtzioa ikertu du Lamia Filali-Mouncefek, eta Latinoamerikako komunitate indigenetan interpreteak trebatzeko proiektu baten berri eman digu Lurdes Auzmendik.
Aldizkaria ixteko, itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri jaso dugu, zenbait iruzkinen bitartez.
Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Juan Azpeitiaren irudiz apaindua datorrela aldizkaria oraingoan ere, dotore eta ikusgarri.