Literatura-itzulpenak egiteko eta literatura-lanen laginak proposatzeko deialdiak argitaratu ditu Etxepare Euskal Institutuak
Literatura itzulpenak egiteko, euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko jarduerak burutzeko, zinema eta literaturako bidaia poltsetarako eta arte azoketan parte hartzeko dirulaguntzak dira.
Laginak proposatzeko deialdia
Aurten, lehen aldiz, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obren laginak atzerriko hizkuntzetara itzultzeko proposamenak egiteko deialdia egin du Etxepare Institutuak.
Jatorriz euskaraz idatzitako literatura nazioartean sustatzea du Etxeparek xedeetako bat. Horretarako, ezinbesteko dira atzerriko hizkuntzetara itzulitako laginak izatea, eta, hala, atzerrian sustatzeko aproposak izan daitezkeen literatura-lanen laginak proposatzeko deialdia atera du aurten, lagin horiek atzerriko hizkuntzetara itzul daitezen. Laginak ingelesera edo frantsesera itzuli beharko dira, eta ez dira izango liburuaren % 15 baino luzeagoak.
Idazleek, argitaletxeek edo agenteek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.
Proposamenak aurkezteko epea 2020ko ekainaren 4an zabaldu da, eta diru-zuzkidura amaitzen denean amaituko da. Epe horren amaiera Etxepare Euskal Institutuaren webgunean jakinaraziko da.
Ikus deialdia hemen.
Literatura-itzulpenetarako dirulaguntzen deialdia
- Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 5ean hasi eta uztailaren 5ean amaituko da.
Etxepare Euskal Institutuaren webgunean dira informazioa eta deialdi guztiak.