Leire Errandonea Garcia-Larratxek irabazi du II. Minaberri itzulpen-beka

Marie-Aude Murail idazlearen 'Sauveur et fils' liburua euskaratuko du, Xabier Olarra Lizaso mentorearen laguntzaz. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du.
EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, Minaberri bekaren bigarren edizioa antolatu du aurtengo udaberrian, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko ditu bekaren bidez sortzen diren itzulpenak, eta CEDROren laguntza izango du mentoretzak.
Hamar gazte aurkeztu dira bekaren deialdira, eta, guztien lanak azterturik, epaimahaiak erabaki du Leire Errandonea Garcia-Larratxeri esleitzea beka, liburua osorik itzultzeko. Xabier Olarra itzultzaile eta editorea izango du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.
Epaimahaiaren iritziz, frantsesezko testuak zituen koskak egoki gainditu ditu itzultzaileak, ordain egokiak emanez euskaraz. Behar adinako fideltasunez aritu da, eta frantsesaren hainbat korapilo ederki askatu ditu. Testu ulergarria eta sinesgarria sortu du ama-alaben arteko ika-mikak islatzean. Testuak oso ongi funtzionatzen du euskaraz, lexiko zein sintaxi zuzen bezain biziarekin. Fernando Rey Escalerak, Amaia Orbe Barriok eta Xabier Olarra Lizasok osatu dute epaimahaia.
Leire Errandoneak (Bera, 1997) Euskal Ikasketetako Lizentzia eskuratu zuen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean, 2018an, eta, UEUko Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoa egin ostean, Itzulpengintza Masterra egin zuen Granadako Unibertsitatean. Han egin zituen itzulpen-praktikak, eta Euskaltzaleen Topagunean jardun zuen bi urtez. 2021. urteaz geroztik, zuzentzaile eta itzultzaile ari da Berria egunkarian.
Marie-Aude Murail (Le Havre, 1954) haur- eta gazte-literaturako sona handiko frantses idazlea da. XX. mendeko azken herenean Europan arrakasta handiz sortutako errealismo kritikoaren lorratzean kokatzen ditu bere lanak, askotariko gai sozial eta pertsonalei arreta jarriz, betiere joera didaktikoetatik urrun eta literatura-tratamendu egokiak emanez: osasun mentala, desgaitasuna, familia-eredu berriak, homosexualitatea eta transexualitatea… Haur eta gazteentzako beste azpigenero batzuk ere landu ditu: eleberri historikoa, fantastikoa, poliziakoa, abenturazkoa, eta beste.
2022an, IBBYren Hans Christian Andersen Saria eman zioten bere idazle-ibilbide bikainagatik. Murailen idazlanak 30 bat hizkuntzatara itzuli dira. II. Minaberri Bekarako proposatutako testua, Sauveur et fils, Sauveur Saint-Yves haur-psikologoaren inguruko liburu-saileko lehen emanaldia da. Umore handiz kontatuta, Sauveur-en kontsultatik igarotzen diren era guztietako arazoak aletzen dira sailean.
Bestalde, bidean da iaz esleitu zen itzulgaia: Laurie-Halse Anderson idazlearen Speak. Ainhoa Mendizabal itzultzaileak euskaratu du bekaren bidez eta Aiora Jaka mentorearen laguntzaz. Udazkenean kaleratuko du liburua Txalaparta argitaletxeak.