Garazi Ugalderen artikulua 'Counterpoint/Contrepoint' aldizkarian

2019 Abendua 13
Garazi Ugalderen artikulua 'Counterpoint/Contrepoint' aldizkarian

Hizkuntza txikien arteko itzulpenaz, CEATL erakundearen aldizkarian


Kalean da CEATLen (Europako Literatur Itzultzaileen Sarea) Counterpoint / Contrepoint aldizkariaren bigarren zenbakia. Bertan, beste hainbaten artean, EIZIEko kide Garazi Ugalderen artikulu bat aurki dezakegu, euskararen eta beste hizkuntza txiki batzuen arteko itzulpenei buruz: zein hizkuntzen artean den ohikoen, argitaletxeen arteko lankidetza, gaztelaniak zubi hizkuntza gisa duen garrantzia, itzulpen horiek euskalgintzan duten eragina...

Aldizkariaren xedea da Europa osoko literatura itzultzaileak zertan ari diren ezagutaraztea, esperientziak trukatu eta hausnarketa nahiz ekimen berriak sustatzeko. Urtean bitan argitaratzen da, ingelesez eta frantsesez (Contrepoint).

Garazi Ugalderen artikuluarekin batera, beste hainbat herrialdetako itzultzaileen artikuluak irakur ditzakegu aldizkarian; besteak beste, CEATLen aurtengo Biltzar Nagusiari buruzko kronika –eta zergatik behar dugun elkarte hori–, Marlon Jamesen lana norvegierara itzultzeko prozesua, Irlandako literatura atzerrian ezagutarazteko saiakerak...