Eustasio Etxezarreta itzultzailea eta euskaltzain urgazlea hil da

2022 Ekaina 13
Eustasio Etxezarreta itzultzailea eta euskaltzain urgazlea hil da

Ekainaren 10ean hil zen, 84 urte zituela. EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen 2002an.


Eustasio Etxezarreta Zelaia Albizturren (Gipuzkoa) jaio zen, 1938ko urtarrilaren 28an. Haurtzaroko ikasketak Andoainen egin zituen, eta apaiz-ikasketak Donostiako seminarioan. 1963an, Donostiako elizbarrutiko apaiz egin zen. 1966-70 bitartean, Teologian eta Liturgian lizentziatu zen, Erromako San Anselmo Institutuan.

Donostiako elizbarrutian Liturgi Idazkaritzako arduradun eta Liturgi liburuen euskarazko itzulpenaren eta argitalpenaren elizbarruti arteko talde-arduraduna izan da 1970etik, eta euskarazko eliz kantugintzarako batzordeko kide eta koordinatzailea. 1985az gero, EiTBko Meza Santua emankizunaren elizbarruti arteko arduraduna ere izan da Etxezarreta.

1979an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta, 2002an, ohorezko bazkide EIZIEk. Itzulpen Antologia III liburuan, talde-lanean egindako Eliz testuen itzulpenak eta horien nondik-norakoak aurkeztu zizkigun Eustasio Etxezarretak.

(Argazkia, Euskaltzaindiatik. 2019an egin zioten omenaldia)