Badugu zer ospatu Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean
Irailaren 30ean, mundu osoko itzultzaile, zuzentzaile, interprete eta terminologoen lana aldarrikatzea du helburu egunak.
Lanbidea hizpidera ekarriz ospatu nahi dugu eguna, aurreko egunetako adierazpen eta jardueren berri hona ekarriz.
Itziar Diez de Ultzurrunek Kulturklikek eginiko elkarrizketan adierazi zuenez, «Hemengo kulturgintzaren parte garrantzitsu bat gara eta hizkuntza normalizazioaren alderdi funtsezko batean aritzen gara. Hori ere ikustea eta aitortzea nahi dugu».
Karlos del Olmok Senez aldizkariaren editorialean dioenez, «Tokian tokiko hizkuntzan ere hitz egin behar du globalizazioak, izurriak izurri, eta gure lanbideak ez du hizpidea galdu behar».
Eta hizpide izan genuen lanbidea, izan genuenez, aurtengo Literaturian. Garazi Ugalderen hitzetan:
«EIZIErentzat ere ezohikoa izan zen topagune bihurtu zitzaigun asteburua. Urteroko itzulpen-tailerrik gabe, herritarren eskutik mosaiko eleanitzik osatu gabe ere, itzulpengintza eta elkartea bera inoiz baino presenteago egon ziren egitarauan. Literaturiak EIZIE omendu zuen azokaren irekiera-ekitaldian: Mila Garmendia bulegariak eta Bego Montorio kideak pozik jaso zuten oroigarria elkartearen izenean. Ate bat opari, itzulpenaren giltza eskuan duenari. Segidan, Itzulpengiltza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko mahai-ingurua izan genuen Modelo aretoan. Itziar Diez de Ultzurrun lehendakariak hizketagaia jarrita, solasean aritu ziren Isabel Etxeberria, Idoia Santamaria eta Beñat Sarasola. Itzulpenaren giltzak ekarri digunaz, irekitzeko dauzkagun ateez... Hausnarrerako eta eztabaidarako hari-mutur ugari utzi zizkiguten».
FITek (Itzultzaileen Nazioarteko Federazioak) 1991n inauguratu zuen Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna, eta Nazio Batuek 2017an egin zioten aitortza ofizialki.
Aurten ere, eguna ospatzeko oharra plazaratu du FITek:
2020ko Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunak (INE 2020) Covid-19aren krisialdian ere itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen lana zein garratzitsua den azaleratu nahi du. Informazio erabakigarriaren zirkulazioa bermatzen dute nazioartean, bai maila nazionalean bai lokalean, hizkuntza-komunitate guztietara irits dadin.
Mundu eleaniztun honetan, nazioarteko lankidetza bizitzaren arlo guztietan gertatzen da, eta itzulpengintza, terminologia eta interpretazioa beti izan dira garrantzitsuak, nahiz eta, sarritan, ikusezin ere badiren. Aurten, gainera, haien garrantzia bereziki nabarmendu da, munduan zehar komunitate orok egin behar izan diolako aurre koronabirusari. Testuinguru horretan, informazioa norberaren hizkuntzan eta terminologia egokiz jasotzea zinez izan da hil ala biziko kontua; askotariko informazioaren itzulpenak egin dira, medikuntzako nahiz administrazioko terminologia definitu eta bateratu da, eta adierazpen garrantzitsuen interpretazio-saioak egin dira herritarrentzat.