Gustura «itzultzaile berrien» irakurraldian, Donostiako Liburu Azokan
Joan den larunbatean, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Zornotzan euskara ikasten ari diren lau «itzultzaile berriek» irakurraldi eleaniztun batean parte hartu zuten Donostia Kulturaren gunean. Euskal literaturaren bi lagin hautatu, eta hiru hizkuntzatan entzun genituen pasarte bana. Amaia Donés itzultzaile eta irakasleak gidatu zuen saioa, eta nork bere hizkuntzan irakurri zituen pasarteak: Amaia Apalauza eta Itziar Otegi itzultzaileak aritu ziren euskarazko testuak irakurtzen.
Hala, aukera izan genuen Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian obrako elkarrizketa bat hiru hizkuntzatan entzuteko: euskaraz, polonieraz eta eslovenieraz (Barbara Pregeljen itzulpenean, programako partaideetako bat). Horren ostean, Obabakoaken «Gauero aterako nintzateke paseatzera» ataleko beste zatitxo bat entzun genuen euskaraz, lituanieraz eta bulgarieraz (Mariya Pachkovaren itzulpenean, bera ere «itzultzaile berria»).
Ikus egun hartako kronika hemen.