SENEZ aldizkariaren 51. zenbakia argitaratu du EIZIEk
Kalean da SENEZ aldizkariaren 51. zenbakia. Etxean, liburutegian, lantokian, tabernan edo uzten diguten tokian irakurtzeko prest.
Dotore jantzita etorri zaigu oraingoan ere, itzulpengintzarekin loturiko arlo ugari ehundu nahi izan baititugu: literatura-itzulpena, ikus-entzunezkoena, teknologia berriak, zuzenketa, itzulpenen azterketak… Jostunen artean ere, ibilbide luzekoak zein gazteagoak, itzultzaile-jardunean ari direnak zein mundu akademikoan dabiltzanak bildu zaizkigu aldizkarira.
Karlos del Olmok editorialean dioenez, «Kultura orok du bere hizkuntza, hizkuntza orok bidaide darama bere kultura, eta, kulturak eta hizkuntzak elkarrenak izango badira, gizakiak bermaturiko itzulpengintzaren beharra izango dute, non eta makinen euren artean eta eurentzat komunikatzea (eta itzultzea) erabakitzen ez duten. (…) Tokian tokiko hizkuntzan ere hitz egin behar du globalizazioak, izurriak izurri, eta gure lanbideak ez du hizpidea galdu behar. Hona hemen Senez, lanbidearen etorkizuna sena lagun bideratzeko plaza».
Sarean ere irakurgai dira artikulu guztiak.
Poema itzuliak izan ohi ditu aldizkariak hasierako orrietan, eta, aurten, Sharon Olds poetarenak ekarri dituzte Jon Kortazarrek eta Juan Kruz Igerabidek.
Gogoan izan ditugu, hurrena, euskarazko liturgiaren itzulpenean lan eskerga egindako bi itzultzaile: Basilio Sarobe eta Piarres Andiazabal. Jarraian, itzulpengintza modernoaren ildo baten ordezkari izan litekeen emakume itzultzaile baten ibilbidea ezagutarazi nahi izan dugu, Maite Imaz itzultzaile eta terminologoari eginiko elkarrizketaren bidez.
Literatura-itzulpenaren esparruan, azterketa ugari dakargu, ikuspegi askotatik itzultzaileek berek eginak, nork bere ikuspegitik: Louis Aragonen poesia-sorta aztertu du Joannes Jauregik; Ingeborg Bachmannen Aldibereko liburuaren itzulpenaz jardun du Idoia Santamariak; Mikel Babianok, berriz, M. Enderen unibertso literarioaz eta Momo liburuaz hausnartu du.
Horiez gainera, emakume itzultzaileen gaia jorratu du Isabel Etxeberriak («zergatik dira direnak?»); historikoki bazterturiko zenbait subjekturen (emakume, Mendebaldeaz besteko) presentzia handitu beharraz eta literatura greko-latinoaren berreskuratzeaz mintzatu zaigu Joannes Jauregi, eta, azkenik, 2008-2018 urteen artean euskarara ekarritako literatur lanen azterketa kuantitatiboa aurkeztu digu Iñigo Satrustegik.
Ekonomia eta enpresaren arloan egindako itzulpenen inbentarioa ezagutaraztea eta, bestetik, gure bizitzako jakintza-esparru garrantzitsu honetan euskaraz dugun uzta urria adieraztea izan du helburu Oskar Arantzabalek bere artikuluan.
Ikus-entzunezkoen itzulpena ere izan dugu hizpide, bestalde: batetik, gorrendako euskarazko azpitituluez hitz egin digu Maider Lizoainek; bestetik, EUVOS ikerketa proiektuaren berri eman digu Beatriz Zabalondok (hizkuntza hegemonikoetako zinematografien jatorrizko bertsioek euskaraz, galegoz eta katalanez azpidatzita zer-nolako isla duten erakusten da), eta, azkenik bikoizketarako itzulpenaren industrien bilakaeraz jardun du Manuel Arcak, telebista kate horietan bikoizketa zein egoeratan dagoen azalduz.
Teknologia berriek ere, nola ez, badute lekua aldizkarian, eta bi artikulu ekarri ditugu aurtengoan: fraseologia konputazionalaren inguruan bueltaka ibili zenekoa kontatu digu Uxoa Iñurrietak, eta Aditu hizketa-ezagutzailea aurkeztu digu Elhuyarrek.
Aldizkaria ixteko, itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri jaso dugu, pare bat iruzkinen bitartez.
Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Juan Azpeitiaren irudiz apaindua datorrela aldizkaria oraingoan ere, dotore eta ikusgarri.