SENEZ aldizkariaren bilatzailea martxan

2026 Azaroa 26
SENEZ aldizkariaren bilatzailea martxan

SENEZ itzulpen-aldizkarian artikuluak errazago aurkitzeko bilatzailea martxan jarri du EIZIEk.


SENEZ aldizkaria digitalizatuta eta EIZIEren webgunean irakurtzeko moduan zegoen lehenagotik, baina orain arte zenbakiz zenbaki baino ezin zen arakatu. Hemendik aurrera, bilatzaile berriari esker, beste zenbait irizpideren arabera bilatu ahal izango dira artikuluak: gako-hitza, egilea, argitalpen-urtea, urte-bitartea edo aldizkariko atal mota zehaztuta egin ahalko dira bilaketak, adibidez, baita irizpide horiek konbinatuta ere.

SARTU BILATZAILEAN

Tresna berriak hiru aukera eskaintzen ditu: bilaketa arrunta, bilaketa aurreratua eta egileen aurkibidea. Sarbidea Senez aldizkariaren web orrian dago.

Bilaketa arrunta

Bilaketa arruntean, erabiltzaileak gelaxkan hitz bat edo batzuk idatzi, eta bilatzaileak hitz hori(ek) artikuluaren izenburuan, gorputzean zein egilearen izen-abizenetan d(it)u(z)ten testu guztiak bistaratuko ditu, berrienetik zaharrenera kronologikoki ordenatuta. Hala, bilaketa-gelaxkan «interpretazio sozial» hitzak idazten baditugu, bi hitz horiek dituzten artikulu guztiak agertuko zaizkigu, hitz horiek artikuluaren izenburuan zein testuaren gorputzean egon. Eta «navarro» hitza bilatzen badugu, Koro Navarrok sinatutako artikulu guztiak eta hura izenburuan zein gorputzean aipatzen dutenak bistaratuko zaizkigu. Artikulu baten izenburuan klikatuta, artikulua osorik pantailaratuko zaigu.

Bilaketa aurreratua

Bilaketa aurreratuan, bilaketa-irizpideak zehaztu eta konbinatu daitezke. Hitz zehatz bat izenburuan soilik, egilearen izen-abizenetan soilik edo denean bilatzeko eska dezakegu. Horrez gain, urte edo urte-bitarte zehatz batean bilatzeko aukera eskaintzen da. Aldizkariak historian zehar izan dituen ataletan ere araka dezakegu. Azkenik, hainbat gako-hitz eskaintzen dira, hiru zutabetan alfabetikoki ordenatuta. Horietako edozeinetan klikatuta, gako-hitz horren arabera etiketatuta dauden artikulu guztiak bistaratuko dira.

Egileen aurkibidea

Egileen aurkibidean, aldizkarian testuren bat argitaratu duten egile guztien zerrenda agertzen zaigu, bi modutan ordenatuta: alfabetikoki edo artikulu kopuruaren arabera. Hala, Senez aldizkarian gaur-gaurkoz artikulu gehien idatzi dituen pertsona Karlos del Olmo dela ikusi ahal izango dugu (66 artikulu). Haren izenean klikatuz gero, gainera, hark idatzitako artikulu guztien zerrenda eta haietarako sarbidea agertuko zaigu.

Senez aldizkariaren bilatzaile hau Maider Ramírez Martínek bere Gradu Amaierako Lanean egindako proposamenean oinarritu da, eta Dijitalidadeak garatu du.