Eman dira ezagutzera «The Independent Foreign Fiction Prize» sariaren aurtengo irabazleak
José Eduardo Agualusa angolar idazleak eta Daniel Hahn itzultzaileak irabazi dute The Independent Foreign Fiction Prize sariaren aurtengo edizioa, The Book of Chameleons eleberriarekin. The Independent egunkariak eta Arts Council England erakundeak apailatua, ingelesera itzulitako fikzio lanik onenari ematen diote, eta berezitasun nagusia du diru-saria berdin banatzen dela idazlearen eta itzultzailearen artean.
The Independent Foreign Fiction Prize sariak fikzio garaikideko lanik onena saritzen du urtero, aurreko urtean argitaratutako ingelesezko itzulpenen artean. Sariak hizkuntzen bat egitea goraipatzen du, bestelako kulturak eta bizimoduak ingeles-irakurleen eskura jartzen baititu. Sariak izena eta garrantzia irabazi ahala, argitaletxe britainiarrek gero eta atzerriko literatura gehiago argitaratzea bilatzen dute antolatzaileek.
Aipagarria da sari honetan idazlearen eta itzultzailearen lanari garrantzi berbera ematen zaiola, itzultzaileak egiten duen hizkuntza arteko zubi-lanaren balioa aitortze aldera. Sariaren ardatz, ideia hau: itzultzaileek jatorrizko lana berregituratu eta beste zerbait sortzen dute, aldi berean berria eta jatorrizkoarekiko fidela, eta hori saritzea da xedea.
Aurtengo edizioan, laurogei izenburuko zerrenda luzetik abiatuta, bost finalista hautatu dituzte, haien artean Javier Maríasen lan baten itzulpena (Your Face Tomorrow 2. Dance and Dream), Margaret Jull Costak egina. Gainerako finalistak grezieraz, suedieraz, alemanez eta norvegieraz idatziak ziren jatorriz. Finalista izatea lortu ez duten arren, hasierako zerrenda luzean persieraz (Afganistan) eta gikuyuz (Kenya) idatzitako lanak ere bazeuden. Bestalde, epaileek aipamen berezia egin diote Irène Némirovsky-ren Suite française eleberriaren itzulpenari, lehiaketan sartu ez den arren. Ingelesezko itzulpena iaz argitaratu zen arren, sariaren oinarriek zehazten dute bizi diren idazleen lanak soilik hartuko direla kontuan.
Duela hiru urte Javier Cercas idazlearen Soldiers of Salamis eleberria saritu zuten, Anne MCLeanek itzulia.