Leiho Morea webgunea aurkeztu du Elhuyarrek

2026 Urtarrila 13
Leiho Morea webgunea aurkeztu du Elhuyarrek

Feminismoaren alorreko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko tresna bat da.


Gaur goizean aurkeztu dute Leiho Morea webgunea Elhuyarren, Usurbilgo egoitzan. Itziar Cortés Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaileak eta Margaret Bullen EHUko Berdintasunerako zuzendariak hitz egin dute, eta halako proiektu batek gizartean duen garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, berdintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa da diskurtso feministan sakontzen jarraitzea eta diskurtso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente batekin eraikitzeko baliabideak herritar guztien eskura jartzea. Alde horretatik, Leiho Moreak berdin balio du feminismoari begiratzeko zein munduari feminismotik begiratzeko.

  • Feminismoaren alorreko edukiak ulertzeko, sortzeko eta ikertzeko tresna bat da.
  • Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen ditu, eta hiztegi terminologiko eleaniztuna ere badu.
  • Idatzizko edukia eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen euskarazko lehen corpusa da.

Leiho Morea kontsultarako baliabide bat da, feminismoaren alorreko euskarazko edukiak biltzen dituena, eta eremu horretako kontzeptuak ulertzeko eta diskurtsoak sortzeko, itzultzeko eta ikertzeko ezinbestekoak diren bi atal ditu: hiztegia (terminoak eta definizioak kontsultatzeko) eta idatzizko zein ikus-entzunezko edukien corpusa edo bilduma (terminoen eta bestelako edukien kontsulta egiteko).

Lehen atala 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegiaren jarraipena da. Orduko hartan oinarrizko kontzeptuak bildu ziren, eta aurrerantzean kontzeptu gehiago eta adierazgarriagoak gehituko dira. Hala, euskarazko terminoak finkatzen eta kontzeptuen definizioak zehazten jarraitzeko bidea emango du.

Bigarren atalari dagokionez, Leiho Moreak bi eratako edukiak biltzen ditu: idatzizkoak (liburuak, prentsa-artikuluak, artikulu akademikoak, gidak...) eta ikus-entzunezkoak (podcastak, jardunaldi feministak...). Helburua da feminismoaren alorreko edukien bilduma esanguratsu bat sortzea eta baliabide hori erabilgarria izatea hizkuntzarekin zein edukiarekin lotutako askotariko kontsultak eta ikerketa-lanak egiteko.

Babesleak eta laguntzaileak

Egitasmo honek bi babesle nagusi ditu: EHUren Berdintasunerako Zuzendaritza eta Deustuko Unibertsitatea. Bestalde, EIZIE elkarteak eta EHUren Euskara Institutuak proiektuaren oinarria zehazten lagundu dute, baita edukiak aukeratzeko irizpideak zehazten ere.

Alabaina, bilduma honen oinarrian edukiak daude, eta, alde horretatik, aipatzekoak dira beren lanak eskuzabaltasunez Leiho Morearen esku jarri dituzten sortzaileak eta eragileak. Batetik, obra idatzien egile eta itzultzaileak eta ikus-entzunezko edukien sortzaileak. Bestetik, argitaletxeak, hedabideak eta bestelako elkarteak: Berria, EHU, EITB, Elkar, Emagin, Hamaika Telebista, Iñurri Elkartea, Jakin, Katakrak, Susa, Txalaparta, UEU, Argia, …

Aurrerantzean ere eragile horien azken lanak eta beste batzuen edukiak gehituko dira. Gainera, bilduma horretatik ateratako kontzeptu berriak hiztegiratzeko lanak ere egingo dira.