Paul Auster estreinako aldiz euskaraz
Joan den martxoaren 14an Alberdania argitaletxeak Paul Auster-en azken nobela kaleratu zuen: Brooklyngo erokeriak (Brooklyn Follies). Oskar Aranak itzuli du liburua eta New Jersey-ko idazlearen azken lana izateaz gain, euskarara itzuli dioten lehenengo lana ere bada. Badu, gainera, aipatzekorik gehiago: jatorrizkoa urte hasieran publikatu zuten AEBn, eta hiru hilabete eskas behar izan ditu nobelak euskaraz plazaratzeko.
Oraingoan, Auster-ek minbiziari aurre egiteko asmoz umetan bizileku zuen Brooklynera itzuli den gizon batekin abiatu du kontakizuna. Hortik aurrera, auzo horretan protagonistarekin gurutzatzen diren hainbat pertsonaia eta gertaera agertuko zaizkigu nobelan. Itzultzailearen esanetan, «esker onez irakurtzeko liburua da».
Alberdaniako editore Inazio Mujika Iraolaren ustez, idazlearen trebetasunak eta itzultzailearen ahaleginak aukera eman diote euskal irakurleei euskaraz zailtasunik gabe irakurtzeko liburua eskaintzeko.
Bestalde, hau da Oskar Aranak egin duen bigarren itzulpen literarioa. Iaz, Lotsaizuna (2003ko Jokin Zaitegi beka) plazaratu zuten, eta laster hirugarren lan bat ere argitaratzekoak dira. Aipatzeko modukoa da bai Oskarrek bai Alberdaniak hartu duten nekea, alegia, jatorrizkoa kaleratu eta itzulpena hain denbora tarte laburrean prestatu izana. Egia esan, hori bide berria izan daiteke euskarazko literatura-argitalpenen arloan: irakurleei unean-unean beste herrialde eta hizkuntzetan sortzen diren lanak eskaintzea. Irakurleon erantzuna izango ahal da ahaleginaren pareko.
Laster, albistegi honetan irakurri ahal izango duzue Karlos del Olmok liburuari egingo dion kritika.