«Gaztelania xede V» mintegi praktikoa, 2013

Azken lau urteetako saioak oinarri hartuz, «Gaztelania xede V» mintegia egin dugu aurten ere, maiatzaren 7an eta 8an, Iruñeko Euskaldunen Biltokian. Zortzi orduko mintegia izan da, launa orduko bi saiotan banatua: astearte arratsaldean lau ordu, eta beste lau asteazken arratsaldean. Bederatzi lagunek parte hartu dute.

gaztel_1.JPG

Idoia Santamaría irakasleak bi testu prestatu zituen, eta aurrez bidali genizkien ikasleei, euskaratik gaztelaniara itzultzeko: testu administratibo bat, eta Hernaniko Kronika egunkariari buruzko artikulu bat. Itzulpenak aurrez bidaltzeko eskatu genien ikasleei, irakasleak, hala, aukera izan zezan itzulpenak gainbegiratzeko eta haien inguruko iruzkin eta zuzenkizunak prestatzeko. Fin-fin aritu ziren ikasleak, aritu zirenez, gogotik lan egin baitzuten, bai ikastaroaren aurretik, bai ikastaroko bi saioetan ere.

gaztel_2.JPG

Ikasleek egindako itzulpenak aztertu genituen ikastaroko bi saioetan, pixkanaka, testuz testu. Horiekin batera, irakasleak gaika antolatutako zuzenkizunak xehatu genituen, eta gai ugari izan genituen hizpide: besteak beste, genero-bereizkuntza gutunetan, tratamendua (noiz ? noiz usted?), esaldien antolaera (zenbait eredu), nominalizazioaren erabilera gehiegizkoa, esaldiak lotzeko zailtasunak (juntagailu, menderagailu eta lokailuen erabilera), pasiboaren erabilera, puntuazio-gorabeherak, oinarrizko ordena gaztelaniaz, kolokazio batzuk, mismoren erabilera zabaldu bezain okerra, erregistro-arazoak, jatorrizkotik hurbilegi edo urrunegi emandako itzulpenak, itzulpen behartuak, esaldiak alferrik luzatzeko joera, gerundio ustelak, aditz «huts» batzuen erabilera gehiegizkoa, euskal toponimoen erabilera gaztelaniazko testuetan, adjektiboen kokapen egokia, data nola eman eta, azkenik, ortotipografia-kontuak (tilde bihurri batzuk, komatxoak, letra etzana, euskal hitzen grafia gaztelaniazko testuetan, maiuskulak…).

Bestalde, zuzenketa-saiotxo bana ere egin genuen bi saioetan: lehenengo egunean, gutun elebidun bat izan genuen aztergai, eta, bigarrenean, Diario Vasco egunkarian argitaratutako berri bat. Testu errealak ziren biak, bere horretan argitaratuak, eta zer zuzendu ugari aurkitu zuten ikasleek: pasiboaren erabilera badaezpadakoa, preposizio desegokiak, alferrik erantsitako hitz betegarriak, aditz perifrastikoen erabilera gehiegizkoa...

gaztel_3.JPG

Ikastaroaren bukaera aldera, gaztelaniaz hobeto idazteko zenbait gomendio laburbildu ondoren, oinarrizko bibliografia errepasatu genuen (esate baterako, RAEren azken gramatika eta ortografia —2009koa eta 2010ekoa, hurrenez hurren—, 2012an Cervantes Institutuak argitaratu zuen El libro del español correcto estilo-liburua eta katalaneko Manual d'estil mardularen 4. edizioa, 2009koa), eta RAEren lan arauemaile berriek ekarri dituzten zenbait aldaketa ere ikusi genituen.

Lan-giro bikaina izan zen, zinez, bi egunetan, eta ikastaro-lekua ere ezin egokiagoa. Eskerrik asko Euskaldunen Biltokiko bazkideei —eta, bereziki, Fernando Rey EIZIEkide eta lagunari—biltokiaren egoitza eta baliabide tekniko guztiak erabiltzeko aukera emateagatik.