Juan Mari Agirreurretak irabazi du 25. Jokin Zaitegi saria
Juan Mari Agirreurreta pasaitarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa ; halaxe erabaki du Luigi Anselmi, Santi Leoné eta Joseba Ossa idazle eta itzultzaileek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hamahiru lanen artean. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Tomas Tranströmer idazle suediarraren poesia osoa euskaratu beharko du Agirreurretak; horretarako zenbait zubi-hizkuntza erabiliko ditu, eta suedieradun zenbaiten laguntza zuzena izango du. Liburu itzulia 2012 honetako amaiera baino lehen emango du argitara Elkar argitaletxeak.
2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta geroztik hauexek izan dira sari horri esker itzuli diren liburuak:
- 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
- 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana
- 2004 Elfriede Jelinek. Itzulpen saria hutsik utzi zen
- 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti
- 2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
- 2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro
- 2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
- 2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri
- 2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak. Itzultzailea: Santi Leoné
Juan Mari Agirreurreta Elosegi (Pasai Donibane, 1977) Euskal Filologian lizentziatua da eta Frantses hizkuntzako irakaslea. Victor Hugoren Kondenatu baten azken eguna itzuli du. Horrez gain, palindromoen eta amodiozko gutunen sariak irabazi izan ditu.