Ikus-entzunezko itzulpena
Beatriz Zabalondo eta Josu Barambones irakasleek Ikus-entzunezko itzulpena izeneko liburua argitaratu berri dute, euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren panoramika eskaintzen duen lehenbiziko liburua. Lan honen bitartez euskarazko itzulpengintzaren munduan erabat ezezaguna den baina hizkuntzaren normalizazioan berebiziko garrantzia duen itzulpen mota hau ezagutzeko aukera izango dute irakurleek.
Arlo honetan diharduten profesionalak ahaztu gabe, liburua ikus-entzunezko itzulpena ikasi nahi duten ikasleei zuzenduta dago bereziki. Praktikarik gabeko teoria hutsa dela eta teoriarik gabeko jarduera itsua dela gogoan harturik, ikuspegi teorikoa eguneroko praktika profesionalekin uztartu nahi izan dute egileek.
Liburuan zehar hemengo bikoizketa-etxeetarako lan egiten duten itzultzaileen lan egiteko modua jasotzen da. Hasierako kapituluan euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren hastapenak deskribatzen dira. Itzulpen mota honek dituen ezaugarri nagusiak aipatzeaz gain, alderdi profesionalak jorratzen dira: merkatuko tarifetatik fakturak nola egin behar diren azaltzeraino. Ondoren lanaren prozesu osoa adierazten da, zehatz-mehatz adierazi ere. Hurrengo kapituluetan bikoizketan erabiltzen diren konbentzioen berri ematen da, ETB-1en pantailaraturiko film, marrazki bizidun eta dokumentaletatik ateratako adibideak paratuz. Azpidazketari ere kapitulu bat eskaintzen zaio, gurean oso gutxi egiten den praktika izanagatik ere.
Azkenik nabarmendu beharra dago egileek, arlo honetan erabiltzen den terminologia normalizatze aldera, termino erabilienak jasotzen dituen glosario bat erantsi diotela liburuari.
Argibide gehiago:
Ikus-entzunezko itzulpena, UEUren webgunean