Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Eguna dugu gaur

2026 Azaroa 20
Konferentzia-interpreteen Nazioarteko Eguna dugu gaur

Zorionak, komunikaziorako hain garrantzitsuak zareten interprete guztioi!


Konferentzia Interpreteen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu azaroaren 20an. Aurten, Katie Kitamuraren Intimacies liburuko pasartetxo bat euskaratzera ausartuko gara, zuen baimenarekin, gogorarazpen aproposa izango delakoan gaurkorako:

Interpreteak ezin ginen dramatismo horretatik erabat aldendu. Gure lana ez zen soilik subjektuak esandako hitzak itzultzea; zer jarrera, tonu eta asmorekin erabiltzen zituen ere adierazi behar genuen. (...) Epaiketa kalkulu konplexuen ondoriozko emanaldi bat zen, eta denok parte hartzen genuen, ezin ginen erabat libratu.1

Badakigu hori ez dela deskubrimendu bat izango askorentzat; liburu horretan, bizitza errealean gertatzen den bezala, interpreteak ez du soilik mezu bat transmititzen: abokatuek haren erreakzioa baliatzen dute proben edo testigantzen eragin emozionala neurtzeko, eta akusatuak, bestalde, epaituko ez duen konpainia bat bilatzen du, hitzak bihurrituko ez dizkion norbait.

Adibide batzuk baino ez dira, beste behin gogoratzeko interpretazioa ez dela lan inpertsonala edo mekanikoa; intimitateak sortzen dira, «bezeroekin» dugun harremana askotan ez baita hitz horrek dirudien bezain hotza. Gaurkoan, interpreteen berotasuna eskertu nahi dugu, eta, teknologia goraka doan garai honetan, interpreteen gizatasunari balioa eman.

Egia da, bai, teknologia berria oso garrantzitsua izan zela Nurenbergen. Baina haren atzean pertsonak zeuden, eta hala behar du; izan ere, «teknikak tresna jartzen du; komunikazioa, gizakiak»2.

Beraz, zorionak interprete guztioi, hain zarete-eta garrantzitsuak komunikaziorako!


1. Katie Kitamura, Intimacies, 2022. Penguin Random House – Vintage (15-16. or.).
2. Laura Mintegi, Akabo, 2025. Txalaparta (248. or).

(Irudia: Wikimedia Commons)