Jose Saramago, itzultzaileen adiskide

2010 Ekaina 19
Jose Saramago, itzultzaileen adiskide

Lanzaroten (Kanariar uharteak, Espainia) bizi zen etxean hil da José de Sousa Saramago portugaldar idazlea, 87 urte zituela. Europar egilerik garrantzitsuenetako bat, Literaturako Nobel saria jaso zuen 1998an.

Obra luzea uzten du Jose Saramagok olerkiak, eleberriak, ipuinak, antzerkia eta saioak. Idazle oparoa izateaz gain, konpromiso sozial eta politiko sendoak hartu zituen bere bizitza osoan. Besteak beste, Israelek Ekialde Hurbilean darabilen politikari aurre egin zion, Palestinaren aldeko jarrera garbiak adierazita. Eliza Katolikoaren jokabide asko gogorki kritikatu zituen, batik bat Joseph Ratzinger egungo aita sainduak gai sozialetan erakutsitako ikuspegiagatik. Eliza Katolikoaren eraso asko jasan izan zituen Saramagok, 1991n O Evangelho Segundo Jesus Cristo argitaratu zuenez geroztik.

Saramagoren gorpua Lisboako Alto de São João hilerrian erraustua izango da, Lisboako udaletxeko areto nagusian herrikideen omena jaso ondoren.

Euskaraz, Saramagoren eleberri bakarra dago argitaratua: Lisboako setioaren historia, Jon Alonsok itzulia, eta 1999an argitaratua, gure Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Itzulpenaren argitalpena Jon Alonsok eta Jose Saramagok aurkeztu zuten Bilbon, Bidebarrietako udal liburutegian, 1999ko urriaren 7an.

Jon Alonsok honela laburtu zuen Saramagoren sorkuntza, Lisboako setioaren historia eleberriari egin zion hitzaurrean:

«Saramago kezkatzen duten gai nagusiak bere nobela guztietan daude, baina nobela bakoitzak gai horietako bat izaten du ardatz. Poetaren, idazlearen eta are artistaren engaiamendua —bai bere arteari buruz, baita bizi den gizarteari buruz ere—, litzateke Manual de Pintura e Caligrafía (1977) izenekoaren ardatza; O Ano da Morte de Ricardo Reis (1984) nobelak, bere aldetik, aurreko gai hori erabat alde batera utzi gabe, tradizio literarioari buruzko kezka oso kontuan hartzen du; O Evangelho segundo Jesus Cristo (1991) liburuak Saramagok erlijioarekin, eta batez ere erlijioaren erabilera lo-eragingarri eta alienantearekin duen kezka biziari buruz jarduteko balio izan zuen; Ensaio sobre a Cegueira (1995) gizakion arimaren gaineko azterketa zorrotza da; Todos os Nomes (1997), oraingoz idatzi duen azkenak, gure izatearen hutsalaz dihardu.»

Saramago oso sentibera izan zen beti itzultzaileon langintzarekin. Itzultzaileez eta itzulpenaz esan eta idatzi zituen hitz ugarien artean, Latinamerikako Itzulpengintza eta Interpretazio IV. Biltzarrean, 2003ko maiatzean, Buenos Aires-en (Argentina) irakurritako hitzalditik bereizitako bat: «Itzultzaileek hizkuntza elkar ulertezinen uharteak abegi leku bihurtzen dituzte».