Munduko literatura garaikidearen itzulpena sustatuko du International PEN Club erakundeak
Amaitu berri da International PEN Club erakundearen 73. nazioarteko biltzarra, aurten Dakarren (Senegal) egin dena. Euskal PEN klubeko hiru ordezkari izan dira bertan; haien artean Paul Bilbao, biltzarrean T&LRC (Translation & Linguistic Rights Committee, Itzulpena eta Hizkuntz Eskubideen Batzordea) delakoaren lanak koordinatzeko ardura izan duena.
Batzorde horretan, 1996an Bartzelonan sinatu zen Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala berpizten saiatzea erabaki dute, besteak beste. Azken helburua Nazio Batuek Deklarazio hori bere egin eta nazioarteko tresna bihurtzea da.
Itzulpenari dagokionez, datorren urterako erronka nagusien artean Diversity e-bilduma zabaltzea, bultzatzea eta gizarteratzea izango dute. Helburu hori lortzeko, lan-ildo hauek jarriko dituzte abian:
- Munduko literatura garaikidearen sustapen handiagoa egitea, itzulpenaren bidez hizkuntzen babesa eta kultura- zein sorkuntza-aniztasuna bultzatuz. Diversity e-bilduma izango dute horretarako baliabidea. Literatura garaikide gehiago argitaratzeko aukera eman dezan, web gunea berritu egingo dute. Datorren urtean Afrikako eta Txinako idazleak sustatu nahi dituzte bereziki, eta honez gero zenbait egile berrirekin hitzarmenak lotu dituzte: Paolo Ruffilli (Italia), Baron Robert-Jones (Belgika) eta Paszal Quignard (Frantzia).
- Diversity e-bilduma hedatzea, bai liburu moduan, bai CD formatuan, Nazioarteko PEN erakundearen literatura garaikidearen antologia gisa.
- Diversity e-bilduma ezagutaraztea gizarteari.
Bestalde, gaur egun International PEN Club erakundea Europako Idazle Indigena Garaikideen Bilduma argitaratzeko lanetan dihardu (besteak beste, armenieraz, Eskoziako gaelikoz edo euskaraz idazten duten idazleekin).