Iñigo Errastik irabazi du Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa
Iñigo Errasti Aranbarri EIZIEkideak euskaratuko du Harold Pinter-en antzerkia.
XIX. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketa (2005eko Nobel Sariduna euskaratzeko beka eman behar zuena) erabaki berri da. Oskar Aranak, Aizpea Goenagak eta Xabier Payá osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, Iñigo Errasti Aranbarriren lana saritzea erabaki zuen. Honek jasoko du Kutxak eskainitako 3.000 euroko saria, eta laguntza horrekin jardungo du hemendik udazken hasiera bitartean, liburua 2006ko Durangoko Azokarako prest edukitzeko.
Harold Pinter antzerkigile ospetsuaren bost antzezlan euskaraz irakurri ahal izango da horrela, Elkar argitaletxearen eskutik: The Lover, Old Times, A Kind of Alaska, Party Time eta Mountain Language.
Arrasateko AED euskara-elkarteak aspaldidanik antolatzen duen sariketa hau itxuraldatu egin zen 2002an: urtero Literaturako Nobel saria irabazten duen idazlearen obra bat itzularazten da orain; dagoeneko kalean da Imre Kertész hungariarraren Zoririk ez, Urtzi Urrutikoetxeak euskaratua, baita J.M. Coetzee-ren Lotsaizuna ere, Oskar Aranak euskaratua; iaz hutsik geratu zen Elfriede Jelinek-en obra bat euskaratzeko deialdia, eta aurrera jarraituko du sariak, Elkar argitaletxearen lankidetzari eta Kutxaren diru laguntzari esker.