'Euskal Literaturaren Historia' eta 'Harri eta Herri', georgieraz
Iliako Unibertsitateko Argitaletxe Estatalak (Tbilisi, Georgia) bi liburu argitaratu berri ditu georgieraz: Euskal Literaturaren Historia eta Harri eta Herri; lehena EHUko Euskal Literaturako katedradun Jon Kortazar Uriarterena , eta bigarrena Gabriel Arestirena . Itzulpenak Iliako Unibertsitateko irakasle Vladimer Luarsabishvilik egin ditu, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak emaniko diru laguntza bati esker.
Orain hiru urte hasi zen Iliako Unibertsitatea XX. mendeko euskal literaturako ikastaroa eskaintzen, eta arrakasta handia izan du hango ikasleen artean. Hautazko ikasgaia da, bi seihilekotan banatua: lehenean, mende hasieratik Errepublika garaira bitarteko urteak aztertzen dira, eta, bigarrenean, 1936. urtetik egunotara bitartekoak.
Aurten, Iliako Unibertsitateko argitaletxeak Eusko Jaurlaritzaren beste laguntza bat jaso du, beste hiru liburu itzultzeko, eta, hala, Gabriel Arestiri buruzko ikuspegi zabala eskaintzeko georgiar ikasle eta irakurleei: Jon Kortazarren Gabriel Aresti poeta (1933-1975), eta Gabriel Arestiren poesia sozialaren trilogiako Euskal Harria eta Harrizko Herri Hau.