Irene Arrarats, euskaltzain oso
Azaroaren 28an izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain oso. Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera-hitzaldia prestatzeko.
[Irudia: Euskaltzaindia]
2018an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 2025ean, berriz, euskaltzain oso.
Euskaldunon Egunkarian aritu zen 1991z geroztik 2003ra arte, zuzentzaile eta itzultzaile lehenbizi, eta euskara-arduradun gero. Egunkaria itxi zutenean, 2003an, Berria egunkarian segitu zuen lan horretan, eta bertako estilo-liburuaren zuzendaria da. Hizkuntzari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat ere bada, Maialen Berasategirekin batera.
Euskaltzaindian zenbait batzordetan aritzen da, 2007az geroztik: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-).
Lanetik kanpo ere itzultzailea da Arrarats, eta aspalditik EIZIEko kidea. Besteak beste, hari zor dizkiogu Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017, beste batzuekin batera), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera (2019) eta Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023).
Zorionak, Irene!


