Poesia azpititulatzeko tailerra Literaturian
Aurten ere, poesia-bideoak euskaratu eta azpititulatzeko tailerra egingo dugu Literaturian , maiatzaren 27an (larunbata). Aurreko bi saioek izan zuten harrera ikusita ( 2015eko tailerra eta 2016ko tailerra ), hirugarrenarekin ausartu gara, eta itzulgaiak proposatzeko eta parte hartzeko gonbita egin nahi dizuegu. Tailerra irekia izango da, eta ez da beharrezkoa poesia itzultzailea izatea edo azpititulatzen aritua: poesia maite baduzu eta beste kulturetako poemak euskaraz zabaldu nahi badituzu, zatoz!
Literaturiak izango duen gai bera aukeratu dugu tailerrerako, Ispilua, eta dagoeneko bildurik ditugu itzul litezkeen zenbait poema. Nolanahi ere, zeuek ere proposa ditzakezue beste batzuk (bideoa duten poema errezitatuak behar ditugu, 2-5 minutukoak).
Zuek parte hartu ala ez, poema egokiren bat ezagutzen baduzue, apunta ezazue, mesedez, fitxategi honetan.
Esan bezala, tailerra irekia eta doakoa da, baina izena eman behar da, maiatzaren 22a baino lehen. Horretarako, nahikoa duzue mezu honi erantzutea edo tailerraren arduradunetako bati idaztea: Bego Montorio edo Garazi Arrula.
Bakoitzak aurretik landu behar du bere poemaren itzulpena, eta, tailerraren hasieran, itzulpenei buruz jardungo dugu; jarraian, itzulpenok sinkronizatuko ditugu, eta, bukatzeko, Modelo aretoan erakutsiko ditugu jendaurrean.
Anima zaitezte! Esperientzia polita izateaz gain, saria ere jasoko duzue: pantaila handian nork bere azpitituluak ikustea errezitaldiekin batera, eta jendearen txaloak jasotzea.
(Parte hartzaileekin harremanetan jarriko gara zehaztasun guztiak azaltzeko).