Batzar Nagusia, giro beroan

2004 Martxoa 28
Batzar Nagusia, giro beroan

Kanpoan hotz zegoen arren, EIZIEk giro beroan izan zuen 2004ko Batzar Nagusia, Iruñeko Biltoki Elkartean, 2004ko martxoaren 27an. Batzarraren atariko mintzaldian, gure lehendakari Karlos del Olmok hitz samurrak izan zituen Andolin Eguzkitza zendu berria den itzultzaile eta idazlearen oroimenez.

Biltoki Elkarteko kideek den-dena prest zeukaten goizeko 10ak baino lehenago, eta Batzar Nagusia erosotasun eta giro ezin hobean egiteko aukera eman ziguten. Batzarra amaitu bezain laster, bilera aretoa jangela bihurtu zuten Biltoki Elkarteko adiskideek, eta goiz osoan guretzat prestatu zuten bazkaria tximista baino lehenago genuen mahai gainean... Leku hoberik ezin izango genuen hautatu, egia esan. Har bitzate gure eskerrik beroenak Biltoki Elkarteko lagunek!

Gai zerrendan erabakizun genituen gai guztiak aztertu eta erabakita utzi genituela kontuan izanda, aurtengo Batzar Nagusiak bere helburua ongi baino hobeto bete duela esan genezake.