Fikzioan erabiltzen den ahozko katalanari buruzko jardunaldiak
Kataluniako Filosofia eta Letra eta Zientzietako Doktore eta Lizentziatuen Elkargo Ofizialak jardunaldi batzuk antolatu ditu maiatzaren 18 eta 19rako, bikoizturiko filmetan nahiz telebistak emititzen dituen fikzioko programetan erabiltzen den ahozko katalanari buruz.
Jardunaldiak Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren eta Katalan Ikasketen Institutoaren laguntzarekin antolatu ditu, eta horien bidez ezagutarazi nahi dira zein diren fikzioaren itzulpen-egokipenean eta bikoizketan erabiltzen diren hizkuntza eredu eta aldaerak. Xede hori erdiesteko, ikus-entzunezko itzulpenak hizkuntza ereduak sortu eta hedatzeko betetzen duen papera aztertuko da. Horiek horrela, parte hartzaileen arteko eztabaida piztu nahi da ikus-entzuneko itzulpenaren funtsezko alderdi honi buruz, hots, ikus-entzunezko itzulpenak eta bikoizketak hizkuntza normalizazioan duten berebiziko garrantziari buruz, izan ere ikus-entzunezko itzulpenak hizkuntza eredu batzuk baztertu eta beste batzuk onesten baititu.
Bi egunean zehar ikus-entzunezko hainbat arlotako adituen ahots-eritziak entzungo dira. Parte hartuko dutenen artean, gidoilariak, itzultzaileak, irakasleak eta Generalitateko Hizkuntza Politikarako Idazkaritzako ordezkariak izango dira. Hizlarien artean Josep M. Carbó, TV3ko Kanpo Produkzioaren Hizkuntza Zerbitzuko koordinatzailea, eta Frederic Chaume eta Patrick Zabalbeascoa, ikus-entzunezko arloan ospe handia duten adituak.
Hitzaldiak zein eztabaidak katalanez izango dira. Azkenik, gogoan izan behar da maiatzaren 16an bukatzen dela izena emateko epea eta inskripzio saria 30 eurokoa dela. Jardunaldi hauen gaineko argibide guztiak kontsultatu ahal dira jardunaldi hauetako web orrian.