Irene Aldasorok irabazi du Itzulpenaren Euskadi Saria, 'Gailur Ekaiztsuak' itzulpenagatik
Irene Aldasoro 2018ko Itzulpenaren Euskadi Sariaren irabazle Emily Brontëren 'Gailur Ekaiztsuak' itzulpenagatik
Irene Aldasorok irabazi du itzulpen alorreko Euskadi Saria, Emily Brontëren Gailur Ekaiztsuak nobelaren itzulpenarengatik (Erein eta Igela, Literatura Unibertsala bilduma).
«Erlojugile saiatuaren lanarekin» konparatu du epaimahaiak Irene Aldasorok Emily Brontëren nobela euskaratzean eginikoa: «XIX. mendeko Yorkshireko paramoetako unibertsoa euskaraz biziarazteko, lortu du egitura konplexuak, esan nahi baita esaldi konplexu eta luzeak, erraz ibiltzea, irakurlea konplexutasunaz ohartu gabe; lortu du irakurleak bereizi ahal izatea pertsonaien hizkuntz erregistro desberdinak (are Joseph morroiaren erregistro dialektala), irakurketa trabatu gabe, hizkera bizi eta sinesgarrian; ez da lorpen makala, XIX. mendeko Ingalaterra viktoriarreko erreferentzia kulturalak euskal irakurlearentzat zehaztasunez ematea, lanean zehar baliabide desberdinak txandakatuz».
Literatura Unibertsala bilduman argitaratua da liburua, eta liburuaren aurkezpenean eman ziren obrari eta itzulpenari buruzko azalpen batzuk.