Literatura Unibertsala, Donostiako Liburu Azokan
Liburuaren Nazioarteko Egunean, Literatura Unibertsala bildumaren ibilbidea izango dugu solaserako eta jolaserako gaia, "Ibilitakotik ibiltzekora" ekitaldiaren bidez.
Noiz: apirilaren 23an, goizeko 11:00etan hasita, ordubetez.
Non: Gipuzkoa plazako Liburu Azokan, Donostia Kulturaren gunean.
Garazi Ugaldek bildumari buruzko sarrera labur bat egingo du, eta irakurgaiak aurkeztuko. Bilduman argitaratu diren bi liburu hautatu, eta jatorrizkoaren eta euskarazko itzulpenaren pasarte bana irakurriko dira.
Saiora bertaratzen direnei eta pasaeran jolaserako prest agertzen den orori, denbora-pasa gisako asmakizun batzuk jarriko dizkiegu, eta, amaieran, liburu-zozketa egingo da erantzunak asmatzen dituztenen artean.
Irakurgaiak eta irakurleak:
- Gulliverren bidaiak (J. Swift), Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle.
- Hemen du atseden Nevaresek (P. Calders), Amaia Apalauza eta Anna Urioste.