Asun Agirianok jasoko du Kutxa Fundazioaren 'Ibilbide Saria'
Euskal liburugintzaren alde eginiko ibilbideagatik sarituko dute euskal liburuzaina eta idazlea.
Aurten, Kutxa Fundazioa Donostia Literatura sarien ekitaldian, ohorezko garaikurra jasoko du Asun Agiriano Altunak, euskal liburugintzaren alde egin duen lana eta ibilbidea omentzeko.
Euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen dugun lau elkarteetako ordezkariek osatu dute sari berezi honen epaimahaia: Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idaleen Elkarteak (EIE), Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak eta EIZIEk.
Asun Agiriano Arrasateko Udal Bibliotekako zuzendaria da gaur egun. Irakurketaren sustapenean eta haur eta gazte literaturaren alorrean ibilbide luzea du. Filosofian lizentziatua da, eta Bartzelonako UAB Unibertsitatean Haur eta Gazte Literaturako Masterra egina du. Galtzagorri elkarteko lehendakari izan zen urte luzez, literatura kritikari hainbat agerkaritan (Gara, Ipupomamua, Sautrela…), hainbat saritan epaimahaikide eta Behinola aldizkariko erredakzio-batzordeko kide ere izan da urte luzez. BIKO-TEKA egitasmoan parte hartu zuen 2020an, eta han abiatutako proiektua argitaratu du Marina Garcia ilustratzailearekin: Atzamarra albuma (Elkar, 2022).
Sari-banaketaren emanaldia azaroaren 16an izango da, 19:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Bestalde, ekitaldian parte hartuko du Itziar Otegi Aranburu EIZIEko kideak ere, euskarazko kontakizunen modalitatean irabazle, Ezer ez dago utzi nuen lekuan liburuagatik.
Gonbidapenak azaroaren 13tik aurrera (11:30ean hasita) lortu ahal izango dira Donostia Kulturako webgunean eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
(Argazkia, Goiena.eus ataritik)