Itzulpen arau berriak Europako Batasunean

2004 Ekaina 15
Itzulpen arau berriak Europako Batasunean

Itzulpen arauak berraztertu egin behar izan dituzte Europako Batasunean, zabalkundearen eraginez, kale itsu batera sartu baino lehen. Philippe Ricard kazetariak Le Monde egunkarian 2004ko ekainaren 1ean argitaratutako artikuluaren arabera, joan den maiatzaren leheneko zabalkundearen ondoren ezarri diren itzulpen arauek ingelesa indartuko dute, gehiago oraindik, Europako batasunaren barnean.

Aldakuntza horrek argi erakusten du hizkuntzaren esparruan Europako Batasunak zer nolako arazoak dituen zabalkundearen ostean. Luzera, ingelesaren noranahikotasuna indartu besterik ez dezakete egin arau berriok. Batasuna maiatzaren lehenean zabaldu zenetik hiru aste besterik pasa ez direlarik, itzultzaile aski ez dagoenez Batasunaren bederatzi hizkuntza ofizial berrietan, Batzordeak lehentasun berriak ezarri ditu itzulpen alorrean, eta dei egin die europar funtzionarioei laburrago idatz dezaten. Barne dokumentuen batez bestekoa 32 orritik 15era murriztu nahi du Batzordeak.

«Halako erabakirik hartu ezean, kale itsura goaz zuzenean», azaldu dute administrazio gaiez arduratzen den Neil Kinnock britainiar komisarioaren laguntzaileek, Europa zabaldua itomenera ez eramatearren hartutako erabakien berri eman zutenean maiatzaren 26an.

Barne erabilerarako diren dokumentuak, onenean, hizkuntza «jardunbidekoetan» bakarrik izango dira, hots, frantsesez, alemanez eta, batez ere, ingelesez, hemendik aurrera Batzordearen zerbitzu gehienetan lehentasunezko lekua hartzen baitu. Jarraibide berriak Shakespeare-ren hizkuntza erabileraren aldekoak dira. Izan ere, hamar komisario berri gehienek ingelesa dakite, norberaren mintzoaz gain, lan hizkuntza gisa erabiltzeko moduan.

Kanpo erabilerarako testuen artean, garrantzi handienekoak bakarrik itzuliko dira Batasunaren hogei hizkuntza ofizialetara. Lege proiektuak edo lege balioko erabakiak, besteak beste, beti izango dira itzuliak jende aurrera plazaratu aurretik. Aldiz, Batzordeak iradokizuna egin nahi dio Parlamentuari, esate baterako, ez ditzan itzuli diputatuek egindako galderen gainean zerbitzuek idatzitako erantzun guztiak.

Kinnock jaunaren aburuz, ahal bezain laster jokatu beharra dago: hamar kide berriak iritsi diren ordutik, itzuli beharreko orrialde kopurua ia halako bi izango da 2003tik 2004ra, bi milioi orriz goiti, deus aldatu ezean. Atzerapena ikaragarria da, honez gero: 60.000 inguru orri dago itzuli zain. Itzuli gabeko dokumentuen kopurua zein agudo ari den pilatzen kontuan izanda, hiru urteren buruan, okerrena jota, 300.000 orrira iritsi daiteke.

Lan pilaketak bi iturburu ditu. Batetik, Batzordeko funtzionarioak gero eta oparoagoak dira. Zerga gaien inguruko txostenak, giza laguntzaren gaineko adierazpenak, era guztietako liburu zuriak, funtzionarioen idazmen gaitasuna Europako gobernuaren erantzukizunen heinean ari da hedatzen. Zabalkundeak eginkizun latza ekarri du, batez ere bederatzi hizkuntza ofizial berrietako itzultzaileak aurkitzea gero eta zailagoa baita. Maltarrak, estoniarrak, lituaniarrak, herrialde txikienak gaitz dute behar adina itzultzaile prestatu sortzea.

Batzordeak berak bakarrik, 2006 arte 700 bat itzultzaile behar omen ditu kide berrien artetik, aurretik ofizial ziren hamaika hizkuntzetarako 1.300 besterik ez dituen bitartean. Alabaina, helburu hori beherago ekarri beharko duela ez dago zalantzarik. Herrialde berri bakoitzean, europar erakunde guztien artean 135 hautagai hartu nahi dituzte lehen lehiaketa deialdian: azterketak ez dira oraindik amaitu, baina honez gero argi dago ez dela helmuga horretara iristerik izango. Orain arteko azterketak gainditu dituzten hautagaiak askoz ere gutxiago dira, batez ere malteraren kasuan.

«Ez bada itzuli beharreko orri kopurua murrizten, argi dago itzulpenak bizpahiru hizkuntzetara egingo direla berehala, eta gainerako guztiak astetan edo hilabetetan zain egon beharko dutela», azaldu du goi funtzionario batek. Adierazpenon zuhurtasunak argi asko erakusten du eurokratei eskatzen zaien laburtze ariketaren zaila: «Nire zerbitzuan, lehendik ere ingelesera oso emanak garelarik, ez zaigu aukera-tarte handiegirik geldituko»

Philippe Ricard
Hemen argitaratua: Le Monde, 2004ko ekainaren 1a.
(Itzulpena: EIZIE)