Idazlea eta beraren itzultzaileak

2004 Abuztua 26
Idazlea eta beraren itzultzaileak

«Pello Lizarralderen isilaldietan barna» Tarazona, 2004ko irailaren 6tik 10era Tarazonako Itzultzaile Etxeak urtero antolatzen ditu idazle baten eta beraren lanaren itzultzaileen arteko elkarketak; programa horren bidez, idazleek eta atzerriko itzultzaileek elkarrekin lan egiteko aukera izaten dute, lauzpabost eguneko mintegi batean. Aurten, lehenengo aldiz, Tarazonako Itzultzaile Etxeak eta EIZIEk euskal idazle baten lana beste lau hizkuntzatara itzultzeko mintegia antolatu dute. Mintegiak helburu bi ditu: alde batetik, euskaratik beste hizkuntzetarako itzulpenak lantzea –taldean eta idazlearen laguntzaz–; bestetik, euskal literatura atzerrian ezagutaraztea eta sustatzea, itzultzaileen arteko harremanak indartuz.

Idazlea eta itzultzaileak

Pello Lizarralderen Un ange passe izeneko ipuina itzuliko da aurten. Euskaratik zuzenean beste hizkuntzetara itzultzen duten literatur-itzultzaileak gutxi direla ikusirik (gaztelania izan ohi da «zubi hizkuntza»), binaka lan egiteko aukera hautatu du EIZIEk, hau da, lehen hizkuntza euskara duen itzultzaileak jatorrizko testua landuko du, eta besteak, berriz, xede-hizkuntzako testua. Hala, ondoko hauek izango dira itzultzaileak aurtengo mintegian:

· Mia Rissanen eta Joseba Ossa (suomiera)
· Pernille Hansen eta Juan Mari Mendizabal (daniera)
· Mijail Zelikov eta Jose Morales (errusiera)
· Edurne Alegria (frantsesa)

Mintegia (Tarazonan) eta aurkezpen-ekitaldia (Donostian)

Irailaren 6tik 10a bitartean, idazleek eta itzultzaileek elkarrekin lan egingo dute Tarazonako Itzultzaile Etxean (Zaragozan), eta mintegiaren amaierako saio gisa, irailaren 10ean, ostiralarekin, aurkezpen-ekitaldia egingo da Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean. Parte hartzaileek mintegian izandako esperientziaren berri emango dute mahai-inguru batean, eta landutako testu laburrak irakurriko dituzte bost hizkuntzatan, musikaz lagunduta.

Argitalpena

Ipuinaren itzulpenak Cuadernos de Tarazona izeneko bilduman argitaratuko dira (jatorrizkoarekin batera), eta bi mila ale banatuko dira hainbat herrialdetako enbaxadetan, Cervantes Institutuaren etxeetan, idazle eta itzultzaile elkarteetan, liburu-azoketan eta beste hainbat kultur erakundetan. Lagin horien bidez, euskal idazle baten berri izango dute atzerrian, eta haren obra osorik itzulia izateko aukera-bideak ugaldu daitezke horrela.