Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria sortu da, euskarazko literaturaren itzulpena sustatzeko
Iturria: Etxepare Euskal Institutua. Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak euskararen eta euskal kulturaren sustapenean elkarlanean aritzeko bide berri bati ekin diote. Bide horretan sinatu duten lehen hitzarmenaren ondorioz, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria sortu dute. Deialdi honen bidez jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura‑obra baten itzulpen lan bat sarituko da eta, horrela, euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea gure eremutik kanpo sustatu nahi dute bi erakundeek, elkarlanean. Deialdia EHAAn argitaratu da, eta eskabideak aurkezteko epea ekainaren 17tik uztailaren 1era bitartekoa izango da. Sari banaketako ekitaldia irailaren 30ean izango da, Itzultzaileen Nazioarteko Egunean.