Erabaki da Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa
Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk euskaratuko dute Orhan Pamuk turkiarraren Kar (Elurra).
Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketaren hogeigarren edizioa (2006ko Nobel sariduna euskaratzeko beka eman behar zuena) erabaki berri da. Luis Berrizbeitiak, Aingeru Epaltzak eta Itziar Otegik osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, Monika Etxebarriaren eta Fernando Reyren lana saritzea erabaki zuen.
Kutxak eskainitako 9.000 euroko saria jasoko dute, liburua 2007ko Durangoko Azokarako prest edukitzeko.
Orhan Pamuk istanbuldarraren eleberri ezagunena euskaraz irakurri ahal izango da horrela, Elkar argitaletxearen eskutik: Kar (Elurra), egungo Turkia erdibitzen duten auzi nagusiak aztertzen dituen lana: laizismoaren eta islamismoaren arteko tenka, kurduen zapalketa
Arrasateko AED euskara elkarteak aspaldidanik antolatzen duen sariketa hau itxuraldatu egin zen 2002an: urtero Literaturako Nobel saria irabazten duen idazlearen obra bat itzularazten da orain; dagoeneko kalean da Imre Kertész hungariarraren Zoririk ez, Urtzi Urrutikoetxeak euskaratua, J.M. Coetzee-ren Lotsaizuna, Oskar Aranak euskaratua, eta Harold Pinter-en antzerki lanak, Iñigo Errastik itzuliak.
Monika Etxebarria (Deustu, 1963) eta Fernando Rey (Iruñea, 1961), lanbidez Nafarroako Gobernuko itzultzaileak dira, biak EIZIEko kide, literatur itzulpenean ere eskarmentu handikoak: lehenak euskaratu du Sartre eta Danilo Ki, eta bigarrenak, besteak beste, Hrabal, Jan Neruda, Tabucchi, Kemal, McCoy, Celati, Ginsburg