«Wordfast Pro aurreratua» - 2019
2019ko azaroaren 19an eta 26an, hiruna orduko bi saiotan, elkartu ziren Donostiako Tolare baserrira (Euskaltzaindiaren egoitza) zazpi lagun, Karlos del Olmo irakaslearekin, Wordfast Pro itzulpen tresna sakontzeko asmoz. Ikastaroa hasi aurretik, nondik abiatzen zen eta ikastarotik zer lortu nahi zuen adierazi zion ikasle bakoitzak irakasleari, nor bere ibilbidearen eta eskarmentuaren jabe zenez gero.
Zeinek bere ordenagailua ekarri zuen, eta, hartan, programaren demoa edo lizentziadun bertsioa instalatuta. Horrek, aldez, ariketaren bat edo beste egokitzera edo aldatzera behartu zuen, nahiz eta helburu nagusiak eskuratzea galarazi ez. Zertan esanik ez, eduki teoriko eta praktikoak izan zituen ikastaroak.
Ikasleek aurrez bidalitako informazio oinarria, ondoko edukiak izan zituzten langai:
- Wordfasten hiru bertsioen arteko alde eta antzekotasun nagusiak aurkeztea (klasikoa, Pro eta Anywhere),
- Prok antzeko beste programa doako edo ordainpekoekiko dituen zenbait antzekotasun eta ezberdintasun aurkeztea,
- programaren menu eta aukera guztiak berrikusi eta argitzea (lehenengo saiotik bigarrenera, bertsioa eguneratu zuen enpresak),
- zenbait aukera eta menu aurreratu aurkeztatu eta lantzea,
- programak kudeatzen dituen memoriak eta glosarioak sarean erabili eta baliabideak partekatzeko orduan kontuan izan beharreko zenbait alderdi,
- nork bere kabuz sakontzen eta trabatzen jarraitzeko baliabideak
Ikastarorako berariaz sorturiko euskarazko eskuliburuxka batean jaso zituzten ikasleek saioetan landu edo azalduriko baliabide nagusiak, berez, programak ez duelako euskarazko euskarririk eskaintzen.
2019-12-11