Abian da Minaberri itzulpen-bekaren III. deialdia

2026 Martxoa 18
Abian da Minaberri itzulpen-bekaren III. deialdia

  • Itzultzaile hasiberriei begira sortu zen itzulpen-beka.
  • Zabalik da hirugarren deialdia.
  • Bekaren hartzailea mentoretza baten bidez trebatuko da itzulpengintzan.
  • Txalaparta argitaletxeak argitaratuko ditu itzulpenak.

EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz, MINABERRI itzulpen-bekaren III. deialdia antolatu du, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko. Mentoretza CEDRO erakundearen laguntzaz egingo da.

Beka honen bidez, halaber, elkartearen xede diren arlo bat baino gehiago landuko dira: itzulpengintza sustatzea, prestakuntza profesionala eskaintzea eta itzulpenen kalitatea zaintzea, irakurzaletasuna ere sustatzeaz batera.

Itzultzaile hasiberriei begira, mentoretza baten bitartez

Itzultzaile gazte hasiberriak trebatzeko xedez, 30 urtetik beherako itzultzaileek izango dute itzulpen-bekara aurkezteko aukera, eta mentoretza bat ere aurreikusi da, ibilbide luzeagoko itzultzaile batek laguntza eman diezaion itzultzaile gazteari itzulpen-prozesuan, zenbait saioren bitartez.

Itzulgaiak, nazioartean sarituak

Zer lan itzuliko diren erabakitzeko, nazioartean osperik handiena duten haur eta gazte literaturako sariketak hartzen dituzte kontuan antolatzaileek: Hans Christian Andersen saria eta Astrid Lindgren saria.

Bi sariketa horietan sarituak izan diren egileen lanak aztertzen ditu urtez urte horretarako osaturiko hautaketa-batzorde batek, eta egokien irizten dion gazte-literaturako lan bat aukeratzen du, bekaren deialdirako.

Deialdia

Zabalik da hirugarren deialdia, eta Jürg Schubiger idazlearen Als die Welt noch jung war obra izango da aurtengo itzulgaia. Lanak aurkezteko epea apirilaren 20an amaituko da.

Beka eskuratzen duen itzultzaileak 3.000 euro jasoko ditu Iruñeko Udaletik, eta Naroa Zubillaga itzultzailearekin jardungo du aurten itzulpen-prozesuan.

Ikus oinarriak.