«Nire zakurrarekin solasean Frantziaz eta frantsesetaz»
Joan-Lluís Lluís ( Perpinyà , 1963) idazlearen liburua argitaratu berri du euskaraz, Larresoroko Gatuzain argitaletxeak. 2002an katalanez kaleratu zenean, liburuak eztabaida bizia sortu zuen, hala Perpinyàn nola Bartzelonan.
Edurne Alegria EIZIEkideak euskaratu du frantsesetik Nire zakurrarekin solasean Frantziaz eta frantsesetaz (jatorrizkoa katalanez Conversa amb el meu gos sobre França i els francesos) liburua. Egilearen esanetan liburu hau Hegoaldeko katalanei zuzendua da gehienbat, haiek Frantziari buruz duten iritzia desmitifikatzeko.
Itzultzailearen esanetan, liburua Kataluniarako bezain baliagarri da Euskal Herrirako eta hiru hartzaile multzo izan ditzake liburuak:
- Hegoaldeko euskaldunak: Iparraldekoek pairatu duten kolonizazioa hobeto ezagut dezaten.
- Iparraldeko euskaldunak: euren benetako historiaz jabetu ditzaten.
- Frantsesak: euskaldunen eta katalanen arranguren oinarria zertan datzan jakin dezaten.